Helmuga turistikoak
Herriak
Izarraitzen magaleko Gipuzkoako udalerri honetara iritsitakoan, txundituta geratuko gara bertako kaleetako eraikin ederrekin.
Plazan, udaletxearen eraikina, fatxadan ezkutu deigarri bat duena, eta Santa María la Real parrokia nabarmentzen dira. Hiru nabe eta kapitel doriko batekin, elizak erretaula ederrak eta benetako harribitxi bat ditu: 1898ko Cavaillé-Coll organo erromantiko bat, Aristide Cavaillé-Coll-ek eraikitako azkena.
Horrez gain, arras interegarria izan daiteke Azkoitiko dorretxeak ikustea. Baldakua, Floreaga, Idiakez edo Etxe Beltza (Bigarren Karlistadan jasan zuen sutearen ondorioz belztuta dago) eta Insausti, Gipuzkoako zaharrenetakoa, adibidez. XVIII. mendean bertan biltzen ziren "Azkoitiko Zalduntxoak", euskal kultura suspertzeko eta Euskadin ikerketa zientifikoa bultzatzeko helburua zuten noble ilustratuak.
Azkoitia, pilotaren sorleku
Pilotak sekulako garrantzia izan du betidanik Azkoitian, eta "pilotaren sorleku" izena hartu du. Zaletasun horren erakusgarri dira Jorge Oteizaren omenez egindako frontoiak. Zazpi dira orotara, Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetako bakoitzean ezagunena den modalitate bakoitzeko pilotaleku bat.
Azkoitira abuztuan joanez gero, Andre Mariaren jaiak (Andramaixek) gertutik bizitzeko parada izango dugu. Txupinazoarekin ematen zaie hasiera, eta bost egunez musikak eta jai-giroak zipriztintzen dute herria. Neguan ere bada festarako aukerarik, azaroaren 30ean San Andres jaia ospatzen baitute. Bisitari ugari erakartzen dituen abereen eta gastronomiaren azoka antolatzen dute egun horretan.