Astigarraga | Euskadiko herriak eta hiriak | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Astigarraga

Astigarraga

Helmuga turistikoak

Herriak

Urumea ibaiak inguratzen du udalerri hau. Astigarragaz ari gara, sagardoaren sorlekuaz, Donostiatik kilometro gutxira dago.

Bi gune ezberdinek osatzen dute udalerria. Behean, Urumea ibaiaren inguruan, gune nagusia garai batean Murgia sendiak kontrolatzen zituen lur-eremuan dago. Goian, egungo Santiago auzoan, eraikinak Santiagomendi mendian sakabanatuta daude. Mendi horren tontorrean Santiago apostoluari eskainitako baseliza bat dago. Tenplu xume hori bisitatzea aitzakia aparta da gailurretik ikusten diren panoramika zoragarriez gozatzeko. Jatorrizko ermita horren ondoan, Santiagomendiko Natur Eskola eta Aterpetxea daude.

Aparteko aipamena merezi du, era berean, Santiagomendi Etnografi Parkeak. Antzina nekazaritzarako zein era guztietako zamak garraiatzeko erabiltzen zen tresneria bilduma bat dago ikusgai.

Egun Markesmendi izena hartzen duen muinoan dagoen Andra Mariaren Zeruratze parrokia (Murgiako Andra Maria izenez ere ezaguna) ere ezinbestean bisitatu behar da. Harlanduz egindako eliza txiki horrek gurutze latindar formako oinplanoa eta bi atal angeluzuzenek osatzen duten nabea ditu.

Parrokiaren alboan Murgia jauregia dago. Oinplano angeluzuzena, bi solairu eta lau isurkiko estalkia dituen eraikin dotorea da. Berdindutako harlanduz egindako antzinako harresien zati handi bat mantentzen du. Duela zenbait urte, Murgia familiarena izan zen lorategi erromanikoa ireki zuen udaletxeak eta egun parke publikoa da.

Sagardoaren hiriburua

Baina, batez ere, sagardoarengatik da ezaguna Astigarraga. Sagardoaren hiriburua dela esaten dute. Klimari eta lurraren baldintzei esker, ugariak dira sagastiak inguru honetan. Sagardogintza hazten ari da egun. Gero eta jende gehiago joaten da sagardotegietara, sagardo denboraldian batik bat, hots, urtarrilaren erdialdetik martxoaren bukaerara, gutxi gorabehera. Bisitariek sagardotegiko menu tipikoa jateko aukera dute: bakailao tortilla, bakailaoa piper berdeekin, txuleta eta, amaitzeko, gazta, intxaurrak eta irasagarra. Hori guztia kupeletatik irteten den sagardo ederrak lagunduta.

Gastronomia eskaintza zabal horren osagarri, sagardoa egiteko prozezua ezagutzeko aukera eskaintzen dio bisitariari Sagardoetxeak. Museo horrek sagastiak, sagardoaren interpretazio zentro bat eta sagardoa dastatzeko gune bat ditu.

Bestalde, uztailean Astigarraga bisitatzen duen orok herriko jai nagusiez gozatzeko aukera izango du. Santiago egunaren aurreko asteburuan hasten dira eta Santa Ana egunera arte irauten dute. Maiatzaren 15ean ere ez da girorik falta izaten Astigarragan, San Isidro eguna izaki, azoka jendetsu bat egiten baitute Benta auzoan.

Datu interesgarriak

Hedadura
17.16 Km
Biztanle-kopurua
4,709

Ekitaldiak