Helmuga turistikoak
Herriak
Arraia-Maeztu, Bernedorekin batera, Arabako Mendialdeko eskualdeko handiena da. Berrón (Arratia harana) eta Musitu (Laminoria harana) erreken inguruko hainbat ibarrek osatzen dute, eta Iturrietako eta Gasteizko mendiez inguratuta dago.
Arraia-Maezturen ondare artistiko eta kulturala garrantzitsua da zinez. Etxe askotan, esaterako, hainbat familiaren armarriak daude ikusgai. Eraikin guztien artean azpimarratzekoak dira Samaniego familiaren XVII. mendeko jauretxe barrokoa eta Gurutze Santuaren Idorokunde eliza. Azken horrek erloju bitxi bat ageri du dorrean. Papamoscas izeneko panpina mekaniko batek eskua mugitzen du orduak ematerakoan.
Izkiko Parke Naturala, paisaia aniztasuna
Zalantzarik gabe, Izkiko Parke Naturala da Arraia-Maezturen ikur nagusia. Leku eder honen paisaia aniztasuna izugarria da. Europako ameztirik handienetako bat bertan dagoen arren, pagadiek eta artadiek ere garrantzia handia dute. Gainera, Izki, Molino eta Berron ibai txikiek harana zeharkatzen dute, are ederrago eginez. Bertako fauna ere nahitaez azpimarratu behar da. Inguru honetaz gozatzeko 15 bat ibilbide ezberdin daude.
Azkenik, ezin ahantz daitezke Arabako udalerri honetako jaiak, ekaineko bigarren hamabostaldian San Adrianen omenez ospatzen direnak, besteak beste. Arraia-Maeztun izaten den giroa gertutik ezagutzeko aukera aparta dira.