Helmuga turistikoak
Herriak
Haran gazia izenez ere ezaguna da Gesaltza Añana. Lehen aldiz bisitatzen duena erabat harrituta geratuko da egurrezko egitura zuri eta bitxiak ikusten dituenean.
Gatzagak dira, euren larrainekin, putzuekin, ubideekin, bidexkekin eta biltegiekin. Antzina, Muera ibaiko urak lurrunduz lortzen zuten gatza, lurrazaleko gorabeherak baliatuz. Gaur egun, ordea, Monumentu Nazional izendatuta dauden gatzagak zaharberritzen ari dira, paisaia are ederrago egiteko.
Herri monumentala
Kultur ondare oparoa dauka Añanak. Oso ondo dokumentatuta dago gainera. Herriko eraikinik interesgarrienen artean, San Joan Akreko Komendadoreen komentua eta Villaconesko Andre Mariaren eliza bisita ditzakegu. Azken horrek XIII. mendeko zenbait elementu gordetzen ditu, egungo eraikina XV eta XVI. mendeetakoa den arren. Ozpinatarren Jauregia ere nahitaez nabarmendu behar da. Erdi Aroko izaerari eusten dion hotela da egun. La Carrera kalearen goialdean, berriz, Herrandarren jauregi barrokoa dago, XVII. mendekoa.
Jai-egitaraua ere zabala da Gesaltza Añanan, baina bi gailentzen dira beste ororen gainetik: Judasen erreketa, Aste Santuan, eta Arrosarioaren jaia, urriko lehen asteburuan.