Udaberri honetan egiteko 3 plan perfektu
Natura Planak Mendiak eta Haranak
Ba al zenekien urtean bi ekinozio daudela?
Natura Planak Mendiak eta Haranak
Ba al zenekien urtean bi ekinozio daudela?
Sei hilabetean behin gertatzen da fenomeno hori, eta egunak eta gauak iraupen bera dute egun horretan, eguzkiak zuzenean eragiten baitio Lurraren ekuatoreari. Antzina oso jaiegun garrantzitsua zen leku askotako egutegietan, eta Euskadin hainbat erritu eginez ospatzen zen udaberriari eta udazkenari behar bezalako ongi etorria egiteko.
Eta, gainera, badakigu udaberriak aztoratzen gaituela! Udaberriarekin batera eguraldi ona iristen da Euskadira, eguzki ordu gehiago izaten dira, eta planak egiteko eta leku berriak ezagutzeko gogoa izaten dugu. Beraz, jantzi arropa erosoa eta aukeratu proposatzen dizugun 3 ibilbide hauetako bat egun ahaztezin bat igarotzeko.
Barruko hondartza Euskadin
Gasteiztik 10 kilometrora dago Uribarri Ganboako urtegia, oinez edo bizikletaz, gura duzun bezala, ezagutu dezakezun paradisu naturala.
Garaioko hondartzan du abiapuntua ibilbideak, eta 13 km-tan zehar inguratu ahal izango duzu urtegia, oinez edo bizikletaz. Hondartzatik oso gertu badago zure ibilgailua uzteko aparkaleku bat. Gainera, ibilbideari hasiera eman aurretik, informazio bulegora hurbil zaitezke informazio interesgarria eta ibilbideari buruzko aholkuak eman diezazkizuten.
Ibilbide osoa ia guztiz laua da, oso gomendagarria familian egiteko.
Ibilbideari amaiera emateko, Mendixurko Parke Ornitologikoa bisita dezazun gomendatzen dizugu, urtegi honen inguruan dagoen bizitza ikusi ahal izango baituzu. Ez ahaztu prismatikoak! Planaz hobeto informatzeko, hemen.
Historiaz betetako ibilbidea itsasoaren eta lurraren artean
Lea ibai ondoko ibilbideak 23 km ditu, eta aldaparen bat badu ere, ez da oso pikoa. Munitibarretik abiatuta Lekeition amaitu dezakezu. Ibilbidean zehar historiaz betetako paisaiak ikusiko dituzu, ontziolak, burdinolak eta beste garai bati dagozkion eraikin multzo batzuk. Landa izaerako udalerri guztiz politak zeharkatzen ditu bideak, hala nola Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa. Eta bidean auzo bitxiekin egingo duzu topo, besteak beste, ahuntzekin, oiloekin, txakur otzanekin eta zaldiekin.
Ibilbideari heldu aurretik, Munitibarko Bengola Natur Energia Interpretazio Zentroa bisitatu dezakezu Oiz mendiaren magalean. Bertan, gaur egungo energia berriztagarrien erabilera ikasiko duzu, baina baita iraganekoena ere, bereziki errotetan eta burdinoletan.
Ibilbideak Lekeition du amaiera, herri arrantzale ezin ederragoan. Bertan gozatuko duzu hondartzan, portuan edo alde zaharrean barrena ibiltzen, eta arrain freskoa dastatu ahal izango duzu jatetxe tradizionaletako batean. Ibilbidearen 23 km-ak gehiegizkoak iruditzen bazaizkizu, tarteren bat egin dezakezu. Eskuratu ibilbideari buruzko informazio gehiago hemen.
Natura eta kultura
Bergarako Alde Zaharretik abiatuta eman diezaiokezu hasiera ibilbideari, San Pedro eliza, Errege Mintegia, Ondartza dorrea, Jauregi etxea eta Egino Mallea jauregia bisitatu ostean.
Behin alde zaharra igaro ondoren du hasiera Antzuolarako bideak, Vasco-Navarro trenbidearen trazadura zaharra baliatuz. Bidea mendi eta basoen artean luzatzen da, eta ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu.
Txangoari amaiera emateko, bisita ezazu Antzuolako Uzarragako eliza, Euskadiko zaharrenetako baita. Ibilbideari buruzko datu gehiago, hemen.
Ibilbide hauek gustukoak izan badituzu, zuretzat prestatu ditugun 100dik gora plan eskaintzen dizkizugu hemen. Aukeratu hurrengo abentura! Nola ospatuko duzu udaberriko ekinozioa?
Kostaldea Natura Arabako Errioxa Mendiak eta Haranak