Merezi duten 5 herri Bilbotik pauso batera
Joan edukira
  1. Ezagutu Euskadi
  2. Blog Turista Maitea
  3. Blog

Merezi duten 5 herri Bilbotik pauso batera

Ondarroa
2024ko martxoaren 11(e)an
Ondarroa

Kostaldea Natura Mendiak eta Haranak

Kontrasteen eta paisaia pintoreskoen lurraldea dugu Euskadi, eta merezi duen kultura eta natura aberastasun handia du. Erakargarri ezagunenetatik haratago, badira altxor ezkutuak eta jende abenturazalearentzako esperientzia paregabeak eskaintzen dituzten herriak.

Artikulu honetan, Bilbotik oso gertu dauden bost herri xarmagarri ezagutzera gonbidatuko zaitugu. Sopuerta, Barrika, Markina, Ondarroa eta Durango dira, eta seguru harrituta utziko zaituztela.

1. Sopuerta

Euskadiko udalerririk zaharrenetako bat da Sopuerta, eta nabarmentzekoa da haren historia aberatsa, batez ere meatzaritza munduan. Erdi Aroan, leku erabakigarria izan zen kokapen estrategikoa zuelako, eta horren erakusgarri dira ibaitik gertu irauten duten berebiziko dorretxeak, hala nola Garai dorrea eta La Puente dorrea. Iraganaren lekuko dira ere San Martin eliza, garrantzi artistiko handia duen bere barnealdearekin, eta antzinako Pisoraca erromatar galtzadaren aztarnak. Gainera, eskualdeko meatzaritza aro oparoaren isla dira mea kiskaltzeko labeak, orain monumentu artistiko bihurtuak.

Enkarterrietako Museoa, antzina, Abellanedako Batzaretxea izan zena dago Sopuertan. Gaur egun, museo moderno bat bihurtu da, hamar aretotan Enkarterrien bilakaera erakusten duena, historiaurretik XIX. mende erdiraino.

Amaitzeko, Sopuertara abuztuan bazatoz, San Roke jaietan murgiltzeko aukera izango duzu.

Enkarterrietako Museoa (Abellanedako Batzarretxe Zaharra)
Enkarterrietako Museoa (Abellanedako Batzarretxe Zaharra)

2. Barrika

Uribe eskualdean kokatuta, itsaslabar ikusgarriek babestutako itsasertzeko paisaia harrigarria du Barrikak. Bertako hondartzan ibilaldi lasaiak egin daitezke, bai eta arrantzan eta ur kiroletan aritu ere Butroeko itsasadarrean. Historia gustuko dutenek Kurtzio mendiaren inguruko aztarnategi arkeologikoak bisita ditzakete, antzinako aztarnen bila.

Game of Thrones telesail ospetsuaren eszenatokietako bat da Barrika; Muriola hondartza, hain zuzen ere.

Barrika
Barrika

3. Markina-Xemein

Markina-Xemein garrantzi historiko eta kultural handiko udalerria da. XIV. mendean sortu zen, eta herriguneak Erdi Aroko trazadura xarmangarria du, kale harriztatuekin eta eraikin historikoekin: Karmengo komentua eta eliza, eta Sortalekua, Andonegi eta Ansotegi jauregiak, besteak beste.

Gainera, Patrokua jauregia eta Xemeingo Jasokundeko Andre Mariaren parrokia daude inguruetan. Tradizio pilotazale handiko herria da Markina-Xemein, uztailean Karmengo jaiak ospatzen dira, eta hainbat azoka egiten dira urtean zehar, hala nola urriko abeltzaintza eta nekazaritza azoka.

Markina-Xemein
Markina-Xemein

4. Ondarroa

Bizkaiko ekialdeko kostaldean dagoen herri xarmangarria da Ondarroa, eta itsaslabar malkartsuak ditu; horien artean, Fraile haitza ikonikoa nabarmentzen da. Kale estu eta aldapatsuko alde zaharrean zenbait monumentu historiko daude, hala nola Likona dorrea eta Andra Mari eliza gotikoa. Gainera, Arrigorri hondartza leku ezin hobea da itsasoaz gozatzeko, eta Mutrikuko Saturraran hondartzara joan daiteke bertatik.

Artibai ibaia zeharkatzen duten zubiak oso garrantzitsuak dira Ondarroan. Zubi Zaharra da enblematikoenetako bat. Plaiko zubia Arrigorri hondartzara doan zubi birakaria da. Itsasaurreko zubia da berriena, eta “Calatrava zubia” ere esaten diote, diseinatzaileari ohore eginez; burdinazko eta zementuzko eraikuntza abangoardista da.

Ondarroa
Ondarroa

5. Durango

Mañaria ibaiak zeharkatzen duen herri xarmagarria da Durango, Urkiolako parke natural ikusgarriaren inguruetan. Ibilaldi atseginak egin daitezke bertan eta Anboto, Alluitz eta Mugarra tontorretara igo, beste batzuen artean.

Alde zaharrean ondare arkitektoniko baliotsua du, eta nabarmentzekoak dira Santa Ana eta Uribarriko Andra Maria elizak, Kurutziaga gurutzea, Laritz dorrea eta udaletxea. Kulturari dagokionez, San Agustin kultura etxeak eta Durangoko Arte eta Historia Museoak esperientzia aberasgarriak eskaintzen dituzte. Urrian San Fausto jaiak eta abenduan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka ospetsua egiten dira, Durangoko kultura eta tradizio aberatsa islatzen dituzten ekitaldi nabarmenak.

Durango
Durango

Bost herri hauek esperientzia paregabea dira betikotik ihes egin eta benetakoak eta xarmagarriak diren lekuak ezagutu nahi dituztenentzat. Sopuerta, Barrika, Markina, Ondarroa eta Durango zain dituzu, besoak zabalik, haien xarma guztia erakusteko prest. Ez itxaron gehiago, eta zatoz leku zoragarri hauek ezagutzera!

Erlazionatutako artikuluak