Euskadin bisitatu ditzakezun uharteak
Joan edukira

Turista maitea

Lekeitio
2025ko ekainaren 27(e)an

Kostaldea Natura Planak

Euskadin bisitatu ditzakezun uharteak

Euskadik harriturik utziko zaitu bere paisaia berdeengatik, kostaldeagatik, xarmaz betetako herriengatik... eta baita uharteengatik ere. 

Udan Euskadin barrena ihesaldi bat egiteko asmotan bazabiltza eta plan eta leku desberdinak ezagutu nahi badituzu, hartu hauek gogoan. Bainu bat hartu, paisaia zoragarriak ikusi eta gure kostaldeak pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izango duzu uharte hauetan.

1. San Nikolas uhartea (Garraitz)

Lekeitio Bizkaiko kostaldeko herri xarmagarria da berez. Alde zaharreko kale harritsuak, Santa Maria Basilika, portua eta pasealekuan aurki ditzakezun tabernak eta jatetxeak. Asko dira Lekeitio bisitatzeko arrazoiak, baina bada gauza bat berezi eta bakar egiten duena.

Bertako portutik San Nikolas edo Garraitz uhartea ikusiko duzu, pinuz betetako uharte txiki bat, inolako eraikin edo eraikuntzarik ez duena. Uharte honetan aurkituko dituzun gauza bakarrak dira natura, antzinako ermita baten aztarnak eta herriaren eta Kantauri itsasoaren ikuspegi harrigarriak. 

Uharte honetako gauzarik harrigarriena da oinez iritsi zaitezkeela bertara, hori bai, itsasbehera dagoenean bakarrik. Egunean ordu batzuetan harrizko pasabide bat uretatik irteten da eta Isuntza eta Karraspio hondartzak banatzen ditu. Kontuz ibili behar da, marea igotzen bada, hondartzara itzultzeko modu bakarra... igeri egitea baita!

San Nikolas uhartea
San Nikolas uhartea

2. Santa Klara uhartea

Hiri gutxi dira Donostiakoa bezalako badia bat izateaz harro egon daitezkeenak. Seguru gogoan izango dituzun postal horien guztien erdian elementu nahastezin bat ageri da: Santa Klara uhartea. Kontxako hondartzaren parean dagoen irla txiki hau Donostiako txoko berezienetako bat da, eta urte osoan zehar bisita daiteke.

Udan bidaiatzen baduzu, ezin duzu galdu. Itsasontziz eroso asko irits zaitezke portutik, edo, ausartzen bazara, Ondarretako hondartzatik igerian, oso esperientzia ezaguna bertakoen eta bisitarien artean.

Hara iritsitakoan, plan biribila duzu zain: erlaxa zaitez bertako hondartza txikian edo igerileku naturalean, gozatu ikuspegiez uhartearen goialdeko askaldegitik eta ez galdu Hondalea, antzinako itsasargiaren barruan dagoen erakusketa. 

Santa Klara uhartea
Santa Klara uhartea

3. Gaztelugatxe

Berez uhartea ez bada ere, Euskadiko helmugarik ezagun eta ospetsuenetako bat da Gaztelugatxe. Uharte txiki harritsua da, eta harrizko zubi baten bidez lotua dago lehorrarekin, itsaslabarren eta olatuen artean.

Guztira 241 eskailera-maila ditu, ez du esfortzu handirik eskatzen, baina oinetako erosoekin etortzea gomendatzen da. Tontorrean, baseliza txiki bat duzu zain, Kantauri itsasoak inguratua, eta Bizkaiko kostaldearen ikuspegi ederrak ikusiko dituzu bertatik.

Nazioartean ere ezaguna da leku hori, Game of Thrones telesailean eszenatoki gisa agertu baitzen, non Rocadragon irudikatzen zuen. Horregatik guztiagatik, ezinbesteko geltokia da kostaldea bisitatzen dutenentzat.

Gaztelugatxe
Gaztelugatxe

4. Faisaien uhartea edo Konpantzia

Faisaien uhartea Euskadiko leku bitxienetako bat da. Bidasoa ibaian dago, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Frantzia) artean. Txikia izan arren eta bertan inor bizi ez bada ere, berezitasun aparta du: munduko kondominio txikiena da. Hau da, beren subiranotasuna bi herrialdek partekatzen dute, Espainiak eta Frantziak, eta sei hilean behin txandakatzen dute bere administrazioa.

Uhartetxo honek 200 metroko luzera eta 40 metroko zabalera besterik ez du, baina balio historiko izugarria du. Hemen sinatu zen 1659an Pirinioetako Ituna, bi erresumen arteko urteetako gatazkari amaiera eman ziona. 

Faisaien uhartea
Faisaien uhartea

5. Zuhatza uhartea

Uharte guztiak ez daude kostaldean, Zuhatza uhartea Arabako barnealdean dago, Uribarri Ganboako urtegiaren barruan. Aipatutako uharte guztien artean, hau da handiena, eta ibilbidea egin dezakezu naturaz eta animaliez inguratutako bidezidorretan zehar, hala nola untxiak eta basurde eta orkatz gutxi batzuk. Ugarienak untxiak dira; izan ere, untxien uhartea esaten zaio uhartehoni.

Urtegiko urak ezin hobeak dira piraguismoa edo bela egiteko edo besterik gabe bainu bat hartzeko. Gainera, apiriletik ekainera eta abuztutik urrira bitartean, uhartean lo egin dezakezu aldez aurretik erreserba eginda.

Bertara itsasontziz iristen da Uribarri Ganboako ontziralekutik, eta bertako giro lasaiak, autorik gabe eta baso arteko bidezidorrekin, helmuga paregabe bihurtzen du.
 

Izan gogoan uharte hauek helmuga gisa zure bidaian, gure kostaldea beste ikuspegi batetik ezagutzeko, bestelako planak egiteko eta horietako bakoitzak gordetzen dituen bitxikeriak ezagutzeko.

Erlazionatutako artikuluak