Estás en:
  1. Ezagutu Euskadi
  2.  
  3. Blog Turista Maitea
  4.  
  5. Blog

Euskadiko 8 azoka tradizional

Merkatuak
2023ko irailaren 6(e)an
Merkatuak

Enogastronomia Ekitaldiak

Euskal azoka tradizionalak sozializatzeko topagune izan dira eta dira, oraindik ere. Antzina, mendian edo landa ingurunean bizi zirenentzat egun berezi-berezia izaten zen, azoka egunean aspaldiko lagunak berriz ikusteko eta jendearekin egoteko aukera izaten baitzuten. Gaur egun, hori baino askoz ere gehiago dira: tokian tokiko gastronomiaren eta kulturaren ondarea ezagutzeko bidea dira. 

Betiko esentziari eusten diote, baina kutsu abangoardistagoa dute orain; izan ere, zenbait azokatan ikasgelak ere badituzte, sukaldaritzako ikastaroak eman edo dastatze saioak egin ahal izateko. Dasta itzazu gure zapore tradizionalenak!

Azoka ezagunenak:

1. Abastos merkatua

Gasteizko Abastos merkatua gasteiztarren kontsumoko eta aisialdiko eredura egokitu da arian-arian. Horregatik, Arabako baratzetako produktuak saltzen dituzten postu tradizionalez gain, eraikin berrituan hainbat gastrotaberna ere badira, pintxoak eta askotariko gutizia gastronomikoak dastatzeko, Arabako Errioxako ardoa eta arabar txakolina lagun. 

Dastatze saioak ere eskaintzen dituzte, jakiak eta edariak uztartuta, baita show-cooking saioak ere, erreserba eginez gero.

2. Gernikako merkatua

Gernikan astelehenetako merkatua da ezaguna; urteko astelehen guzti-guztietan izaten da, duela 650 urte baino gehiago. Gainera, ekainetik abendura bitarte, hilabeteko lehen larunbatean azoka tematikoak izaten dira, bertoko produktu berezi bat izanik protagonista, hala nola txakolina, bakailaoa, Gernikako piperra edo Arabako Errioxako ardoa. 

Urria ere hilabete berezia izaten da gernikarrentzat; izan ere, urriko lehen eta azken astelehenetan egiten diren azokak –Urriko esaten zaie– oso garrantzitsuak baitira eskualdeko biztanleentzat.

Gernikako babarrunak
Gernikako babarrunak

3. Erriberako merkatua

Merkatu hori erreferente da gure merkataritza espezializatuan. 1929. urtean inauguratu zuten Nerbioi ibaiaren ertzean eta, Bilboko Alde Zaharra bezalaxe, babestuta dago, Multzo historiko-artistiko izendatua dagoenez.

Bi solairuko eraikina da, eta sasoian sasoiko produktuak saltzeko postuez gain, jatetxeak eta gastrotabernak daude bertan, baita sukaldaritza eskola bat ere, jakiak prestatzen ikasteko edo, besterik gabe, esperientzia gastronomiko ahaztezinak bizitzeko.

Erriberako merkatua
Erriberako merkatua

4. Tolosako azoka

Tolosako azoka ezaguna larunbatero izaten da, aire zabalean, herriko hiru gunetan. Zerkausia eremua alde zaharrean dago, eta baserritarrak egoten dira bertan, baserriko produktu freskoak saltzen; Berdura plazan loreak eta landareak saltzen dituzten postu koloretsuak egoten dira; eta Euskal Herria plazan, berriz, kanpoko produktuak eta ehungintzakoak aurkituko ditugu. 

Azoka ezagutzeko bisita gidatuak egiten dituzte larunbatetan, goizeko 11:30ean; ordubeteko bisitaldia izaten da, eta aldez aurretik eman behar da izena.

Tolosako azoka
Tolosako azoka

5. Portugaleteko merkatua

Baserritarren azoka ere esaten diote; merkatu tradizional hori ostegun eta larunbatetan izaten da, XVIII. mendeaz geroztik, Portugaleteko Solar plazan. Besteak beste, landare apaingarriak, laboreak, fruta eta barazkiak, gazta, eztia eta artisauen produktuak aurki daitezke.

Portugaleteko merkatua
Portugaleteko merkatua

6. San Martin merkatua

San Martin merkatua Donostian dago, eta 2005ean inauguratu zuten eraikin berrituan askotariko saltoki eta dendak daude. Alde batetik, inguruko fruta, barazkiak, haragia eta arraina saltzen dituzten postu tradizionalak. 

Bestetik, ostalaritzako eta merkataritzako eskaintzaren osagarri, arropa dendak, musika denda bat, gastrotabernak eta kafetegiak eta supermerkatu bat daude bertan, baita gimnasio bat ere.

7. Ordiziako azoka

Asteazkenero, Erdi Aroan sortutako azoka tradizionala izaten da Ordizian. Erreferentziako azoka da, Euskal Herriko osoko nekazal produktuen prezioak erabakitzen baitira bertan. 

Sasoian sasoiko produktu freskoak eta ekologikoak ez ezik, bisitaldi gidatuak eta dastatze saioak ere egiten dituzte.

Idiazabal gazta
Idiazabal gazta

8. Bretxako merkatua

Bretxako merkatua Donostiako alde zaharrean dago, zehazki Kursaal jauregitik Udaletxerako erdibidean, La Bretxa merkataritza gunearen beheko solairuan. 40 postu baino gehiago izaten dira: fruta, barazkiak, kontserbak, urdaitegiak, harategiak eta arrandegiak.

Gaur egun, eraberritzeko lanak egiten ari dira eta merkatua Arrandegi eraikinean kokatuko da aurrerago.

Bretxa merkatua
Bretxa merkatua

Laburbilduta, bene-benetako euskal gastronomia eta kultura ezagutu nahi izanez gero, euskal merkatu tradizionaletara ezinbestean joan beharra dago. Zoaz horietako batera eta ezagutu gure benetako esentzia!

Euskadi, auzolana