Euskadiko 5 ilunabar ikusgarrienak
Kostaldea Natura Arabako Errioxa Mendiak eta Haranak
Ilunabar bakoitza berdingabea eta berezia da, ezin hobea konpainian gozatzeko
Kostaldea Natura Arabako Errioxa Mendiak eta Haranak
Ilunabar bakoitza berdingabea eta berezia da, ezin hobea konpainian gozatzeko
Ilunabarrak munduko ikuskizun fotografiatuenetako bat dira. Egunaren amaiera eta gauaren hasiera markatzen dituen une magiko horrek halako miresmena eta pasioa eragiten ditu, non opacarofilia delakoa ere sortu baita. Horregatik, gero eta gehiago dira eguzkia sartzen ikusteko lekurik onenaren bila bidaiatzen duten pertsonak.
Euskadin ez dugu Taj Mahal edo Arroila Handia bezain paraje desiragarririk ilunabarra ikusteko, baina baditugu beste leku asko, ezagutu eta une ahaztezinak bizitzeko modukoak.
Jakin nahi al duzu zein diren hoberenak? Hementxe duzu gure top 5a.
IKUSPEGI PRIBILEGIATUA, BIZKAIKO KOSTALDERA
Getxoko kostaldean barrena da ibilbidea, eta inguruko hondartzen eta portuen ikuspegi panoramikoak eskaintzen ditu. Aixerrota errotatik abiatuta, besteak beste Gorrondatxe hondartzaraino iristen da. Ondoan Arrigunaga hondartza dago, eta ikuspegiaz gozatu daiteke bertako edozein tabernatatik.
Ilunabarra ikusteko lekurik ezagunenetako bat da; izan ere, ibilbideko edozein tokitatik ikus daiteke eguzki sarrera, ikuspegi onenekin eta lasaitasun osoz.
Arrigunaga ingurua aukeratzen baduzu, itsasoan islatuta ikusiko dituzu eguneko azken eguzki izpiak. Aldiz, ilunabarra ibilbidetik ikusten baduzu, eguzkia Serantes mendiaren atzean ezkutatzen ikusiko duzu.
Ikuskizun paregabea!
PASEALEKUA EUSKADIKO AREATZARIK LUZEENEAN
Gipuzkoako kostaldean dago Zarautz, eta ohiko helmuga turistikoa da familientzat, batez ere udan. Euskadiko hondartzarik luzeena dago bertan, surfaren munduan ezaguna olatu ikusgarriak dituelako.
Ilunabarra ikusteko leku ezin hobea da itsas pasealekua. Bertatik, eguzkia Getariarantz sartzen ikus daiteke.
Leku lasaiago bat nahi baduzu, kanpinera jo dezakezu, eta ilunabarreko eguzki izpiez gozatu, naturaz inguratuta.
Gure kostaldeko harribitxietako bat!
INGURUMEN BALIO HANDIKO HEZEGUNEA
Uribarri Ganboa Euskadiko urtegirik ezagunena da. Bizkaiko eta Arabako ur erreserba garrantzitsuena da, eta uda garaian gehien bisitatzen den tokietako bat. Naturaz inguratutako inguru paregabe horretan, bandera urdineko bi hondartza ezagun daude: Landa eta Garaio.
Ikus ezazu ilunabarra Landako baso hiletik; aparkalekutik 20 minutu eskasera dago lekua, txalupa hondoratu ezagunaren alboan. Leku desberdina da, baina aldi berean liluragarria, ilunabarreko eguzki izpiak uretan islatuta ikusteko.
Uribarri Ganboako hondartza ere ez da atzean geratzen. Bertan, iluntzeko koloreak bat egiten ikusiko dituzu, uraren soinuaren lasaitasunaz gozatzen duzun bitartean.
Hutsik egingo ez dizun lekua!
BIOSFERAREN ERRESERBA BETEAN
Urdaibaiko Biosfera Erreserban dago, Ogoño lurmuturraren ondoan, eta Bizkaian nahitaez ezagutu beharreko lekuetako bat da urre koloreko harea fineko duna hondartza hori. Inguruko jendearen surf eremua da, olatu motzak baina biziak dituen hondartza irekia baita.
Klasiko bat, Euskadiko ilunabarrik onena bilatzen ari bagara; izan ere, landaretzaz eta mendiz inguratuta dagoenez, Laga leku paregabea da zerua eta hodeiak laranjaz, gorriz eta arrosaz koloreztatzen ikusteko.
Ilunabarra hondartzatik bertatik edo Ogoñoko begiratokitik ikus daiteke; bietan ere, ikuskizuna sekulakoa da.
Natura, bete-betean!
Donostia EGIN POSTALEKO ARGAZKI BAT
Donostia mendebaldean, erraz iristeko moduko mendi ikoniko bat dago, jolas parke eta guzti. Kokalekuagatik eta itsas mailatik 181 metrora dagoen gailurragatik, ikuspegi pribilegiatuak ditu Igeldo mendiak Kontxako badiara eta Kantauri itsasora, baita Gipuzkoako kostaldeko beste leku batzuetara ere.
Zalantzarik gabe, ezinbesteko lekuetako bat da, ilunabar ikusgarri bati begira gozatzeko, Gipuzkoako hiriburua hondoko oihal gisa hartuta.
Ilunabarraz gozatzeko beste aukera bat Kontxako pasealekua da, hirian bertan; leku ezin hobea da pintxo bat jateko edo zure edari gustukoena hartzeko, ikuskizun zoragarriaz gozatzen duzun bitartean.
Ilunabar ikusgarria, hirian bertan!
Hau da gure 5 ilunabar ikusgarrienen rankinga. Bururatzen al zaizu besteren bat? Partekatu, gure sare sozialetan.