Donostiatik hurbil dauden eta txundituta utziko zaituzten bost herri
Joan edukira
  1. Ezagutu Euskadi
  2. Blog Turista Maitea
  3. Blog

Donostiatik hurbil dauden eta txundituta utziko zaituzten bost herri

Orio
2023ko abenduaren 15(e)an
Orio

Kostaldea Natura Mendiak eta Haranak

Gipuzkoa kontrastez betetako lurraldea da, edertasun paregabeko kostako herriak zein haien historian eta tradizioetan murgiltzera bultzatzen gaituzten barrualdeko herriak baititu.

Azpimarratzekoak dira Gipuzkoaren berezko edertasuna, kultura oparoa eta gastronomia aberatsa.Post honetan, Euskadi bisitatzen duzunean ezinbestean ezagutu beharreko txoko batzuk proposatzen dizkizugu.

1. Zegama

Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren erdi-erdian dago Zegama, xendazaleentzako helmuga ideala, ibilaldi ugari egin baitaiteke. Aizkorri Gipuzkoako mendi garaienerako igoera da ezagunena. Txirrindularitza, raftinga eta abenturazko beste kirol batzuetarako ere leku bikaina da.

Nabarmentzekoa da Zegamako herrigunea ere: han daude San Martin Toursekoaren eliza (XV-XVI. mendeetakoa), garai batean Aizkorriko tontorrean egon zen gurutzearekin eta Tomas Zumalakarregiren mausoleoarekin, baita hainbat eraikin historiko ere, udaletxea, Kapitanetxea, Ugarteko Dorrea eta Aitamarren eta Mazkiaran Barren baserriak kasu. Horiexek dira Zegaman ezinbestean ikusi beharreko batzuk.

Zegama
Zegama

2. Orio

Orio xarma handiko arrantzale herria da, duen marinel giroarekin eta portu pintoreskoarekin edonor erakartzen duena. Arrantza tradizioagatik da ezaguna, eta Kantauri itsasoko produkturik onenez gozatu ahal izango duzu portu inguruan dauden jatetxe ugarietan. Dasta itzazu arrain eta itsaski freskoak, Euskadiko sukaldaritzaren esentzia islatzen duten jaki benetan apartak.

Orioko alde zaharrean, herriaren historia deskubrituko duzu, eta herriari xarma berezia ematen dioten kale harriztatuak eta koloretako etxeak ezagutu. Bisitatzea merezi duen altxor arkitektonikoa da Gotiko estiloko San Nikolas eliza. Orioko hondartzek, gainera, Antillakoak kasu, hondar fina eta ur gardenak eskaintzen dituzte, erlaxatzeko eta itsaso inguruneaz gozatzeko ezin hobeak.

Orio
Orio

3. Ataun

Euskadi jatorrenean murgildu nahi baduzu, ezin zara Ataun herria bisitatu gabe gelditu. Hango mendi, kobazulo eta dolmenek inspiratu dituzte euskal mitologiako kondairarik ezagunenak. Ataunen jaio eta bizi izan zen Joxemiel Barandiaran, Euskal Kulturaren aitalehentzat jotzen dena.

Liluratuta geldituko zara Ataungo paisaia berdeez eta giro lasaiaz. Mendiz eta haranez inguratuta dagoenez, leku paregabea da xenda eta natura zaleentzako, mugakide baitu Aralarko Parke Naturaleko basoa.

Ataungo alde zaharrak berezko xarma tradizionalari eusten dio, harrizko etxeekin eta paseatzera gonbidatzen gaituzten kale estuekin. XVI. mendean eraikitako San Martin Toursekoaren eliza da lekurik nabarmenenetakoa, eta inguruko historia aberatsaren erakusgarri da. Ez ezazu galdu, gainera, herriko jatetxeren batean bertako gastronomiaz gozatzeko aukera; benetan gozaraziko dizute arkume errearen eta sagardoaren zapore goxoek, besteak beste.

Ataun
Ataun

4. Oiartzun

Jaizkibel mendiaren eta Aiako Harrien inguruan dago Oiartzun, natura paisaia ikusgarriak eskaintzen dituen herria. Oiartzungo estazio megalitikoa Aiako Harria Parke Naturalean dago, eta historiaurreko garai ezberdinetako aztarnak topa ditzakegu bertan.

Ezagut ezazu Oiartzungo hirigune historikoa, non euskal arkitektura tradizionala eta modernoa nahasten diren. Foruen Plaza da erdigunea, herriko bizitza animatzen duten tabernaz eta dendaz inguratuta dagoena. Sagardotegiengatik ere ezaguna da Oiartzun; horrela, bertako sagardoa eta pintxo goxo-goxoak dastatu ahal izango dituzu.

Oiartzun
Oiartzun

5. Irun

Hondarribia eta Hendaiatik gertu dago Irun, Bidasoa ibaia itsasoratzen den lekuan. Natura paisaia bereziez gozatu nahi baduzu, bisita ezazu Plaiaundi Parke Ekologikoa, hegazti migratzaileek atseden hartzeko espazio babestua. Ibil zaitez parkeko bideetan, eta sartu hegaztiak haiei inolako enbarazurik egin gabe ikusteko aukera ematen duten behatokietan.

Paseatu alde zaharreko kale harriztatuetan, eta sartu hango giro jatorrean, Junkal elizara iritsi arte; arkitektura obra honek hainbat estilo konbinatzen du: gotikoa, errenazentista eta barrokoa. San Martzial mendiaren tontorrean, izen bereko ermita dago, eta hantxe ospatzen dira Irungo San Martzial jai ezagunak. Tontor horretatik, paregabeko bistak daude Txingudiko badiara.

Plaiaundi
Plaiaundi

Hauexek dira, horren ezagunak izan ez arren, duten natura eta kultura aberastasunagatik nabarmentzen diren Gipuzkoako txokoetako batzuk. Baina altxor askoz gehiago aurki ditzakezu beste herri batzuetan. Hor ditugu, esaterako, Zarautz, Hondarribia eta Getaria kostako herriak, baita berdez jantzitako mendiz inguratutako beste batzuk ere, Azkoitia eta Azpeitia, esaterako; joan zaitez Gipuzkoak eskaintzen dizkizun toki ezberdinetara, eta gozatu herri horietako tradizio eta gastronomia aberatsaz. Ez zara damutuko!

Erlazionatutako artikuluak