Donostiako Alde Zaharra bisitatzeko gida

Kostaldea Hiriak Planak
Donostiako Alde Zaharra hiriko lekurik bisitatuenetako bat da. Urgull mendiaren oinean eta portuaren ondoan dago.
Kostaldea Hiriak Planak
Donostiako Alde Zaharra hiriko lekurik bisitatuenetako bat da. Urgull mendiaren oinean eta portuaren ondoan dago.
Hiri bat sakonean ezagutzeko, txoko historikoenetan barrena galtzeak merezi du eta, Donostiaren kasuan, Alde Zaharra da horretarako lekurik onena. Mundu mailan onenen artean dauden pintxoetako batzuk bertan izateaz gain, historia eta iragan oso interesgarriak ezkutatzen ditu.
Dena kontatuko dizugu, bisitatzen duzun hurrengo aldian gida bat izan dezazun:
Damborrada hasten den lekua
Lauki-formagatik harrigarria gerta badaiteke ere, Konstituzio plaza zezen-plaza izan zen jatorrian. Zutik geratzen den bakanetako bat da eta alokatu zitezkeen balkoien zenbakiak gordetzen ditu oraindik ere. Gainera, plazako eraikin nagusia udaletxea izan zen 1945era arte eta gero garai batean kasino izandakora aldatu zen.
Bisitarientzat pintxoak jateko eta bertako tabernetako terrazez gozatzeko leku gogokoenetako bat da, baina donostiarrentzat garrantzi handiagoa du. Hor hasten dira Donostiako jaiak eta danborrada, urtarrilaren 20an 00:00etan banderaren igoerarekin.
Egun horretan, donostiarrek danborra jotzen dute hurrengo eguneko gauerdira arte, jaia bukatutzat eman arte.
San Telmo Museoak historia luzea du, hain zuzen ere, Euskadiko museorik zaharrena da. Museoaren historia 1562an fraide domingotarren komentu zaharra eraikitzearekin hasten da. Gaur egun eraikin horretan dago museoa. Komentua arpilatu egin zuten 1813ko erasoan eta handik urte batzuetara militarrek erreklamatu zuten beren kuartela han ezartzeko.
Museoaren kokapena hainbat aldiz aldatu da; izan ere, 1902an inauguratu ondoren, azkar hazi zen. 1932an finkatu zen garai bateko komentuan eta 2010ean instalazioak handitu ziren, komentuaren eta Urgull mendiaren mugetara iristen den estilo berriagoko eraikinaren arteko kontrastea sortuz.
Donostiako Erdi Aroko antzinako hiria gaur egun Alde Zaharra dagoen tokian biltzen zen, eta 1863an eraitsi zen harresiak ezartzen zituen mugak. Egungo Boulevardeko aparkalekua eraikitzerakoan aurkitu genituen lur azpian harresiaren aztarnak. Hondakinak babesteko, kristalezko panel batzuk jarri ziren, eta haietatik garai bateko harresiaz geratzen dena ikus dezakezu.
Alde Zaharraren atzealdean, hainbat sekretu ezezagun gordetzen dituen mendi txiki hau altxatzen dela ikusiko duzu. Mendiak duen kokapena dela-eta, Kontxako badia defendatzeko puntu estrategikoa izan da denbora luzez. Mendia igotzea erabakitzen baduzu, garai hartako hondarrak eta bateriak aurkituko dituzu oraindik ere.
Mendiaren goialdean Motako gazteluak iraun du. Handik Donostia osoko ikuspegi onenetako bat izango duzu. Horrez gain, gailurrera bidean, erreparatu garai hartako ingelesen hilerriari. Hiria frantses osteetatik defendatu zuten soldadu ingelesen omenez eraiki zen.
Santa Maria basilika Alde Zaharraren mendebaldean dago, Donostiako portura irten aurretik. Atean San Sebastianen irudi bat da deigarria eta barrualdean Eduardo Txillida eskultoreak sortutako gurutze-formako eskultura. Gaur egungo basilika 1774koa den arren, askoz zaharragoa den eliza erromaniko baten gainean eraiki zen.
Ateari begiratuz gero, 1813ko erasoan izandako suteen ondorioz zutik geratu zen kale bakarra (Abuztuaren 31ko kalea) ikus dezakegu eskuinaldean. Ofizialki, hori da hiriko kalerik zaharrena. Gainera, basilikako ate nagusia atzean uzten badugu, Artzain Onaren katedrala ikusiko dugu, ia kilometro batera, lerro zuzenean.
Donostiako Alde Zaharrak hiriaren zerizan guztia biltzen du. Proposamen gastronomikoa, pintxoak eta Erdi Aroko iragana. Donostiako bihotz historikoa eta apartekoa egiten duen guztia ezagutu nahi dutenentzat ezinbesteko bisita da.
Kostaldea Hiriak Planak
Kostaldea Natura Mendiak eta Haranak
Hiriak Planak Artea