Bilboko Aste Nagusiari buruz jakin beharreko 5 gauza

Enogastronomia Hiriak Ekitaldiak
Enogastronomia Hiriak Ekitaldiak
Bilboko Aste Nagusia urteko asterik berezi eta magikoenetako bat da Euskadin, ez baitu 7 egun irauten, 9 baizik. Urtero, abuztuaren 15aren hurrengo larunbatean, Bilboko kaleak hartzen ditu jaiak, eta 9 egunetan zehar giro onenaz eta egitarauak dituen ehunka kultur eta jai jarduerez gozatzen dute mundu osoko milaka lagunek.
9 eguneko etenik gabeko jaiaren ondoren, igandean amaitzen da Aste Nagusia. Amaieran Marijaia erre egiten dute Arriaga Antzokiko plazan.
Baina, nor da Marijaia? Bilboko jaien sinboloa 4 metro inguruko altuera duen emakumea da, ilehoria da, oso jantzi koloretsuak eramaten ditu eta besoak gora, jaiaren eta baikortasunaren seinale. Mari Puri Herrero margolariak sortu zuen eta Anbotoko Marin oinarritu zen Bizkaiko hiriburuko jaien ikono hori sortzeko.
Marijaiarekin hasten eta amaitzen da Aste Nagusia. Pregoiaren eta txupinazoaren ondoren, Arriagako balkoian agertzen da eta jaiei hasiera ematen die. Aste Nagusiko azken igandean, Arriagako plazan, argi eta soinu ikuskizuna izaten da eta bertan erretzen dute Marijaia.
Jaietako 9 egunetan Areatzan barrena paseatzen ikus daiteke Marijaia konpartsekin batera. Hurbildu zaitez agurtzera eta atera argazki bat berarekin!
Konpartsek berebiziko garrantzia dute Aste Nagusiaren antolakuntzan. Areatzako jai guneko arduradunak dira, eta bere txosna jartzen du gaur egungo 28 konpartsetako bakoitzak. Gainera, jaietako egitaraua prestatzen laguntzen dute eta era askotako ekitaldiak antolatzen dituzte: gastronomia lehiaketak, haurrentzako jarduerak, konpartsen arteko probak…
Urtero pregoilaria eta txupinazoa botako duena aukeratzeaz arduratzen den batzordeko kide ere badira. Pregoilaria Bilborekin harreman handia duen pertsonaia izaten da, eta pregoia irakurtzeaz arduratzen da. Txupinazoa botatzen duena, berriz, emakumea izaten da beti, konpartsetako bateko kidea. Biek aktiboki parte hartzen dute jaiek irauten duten 9 egunetan.
Ezin bestela izan, gastronomia da protagonista Aste Nagusian. Areatzan, Euskadiko errezeta tradizional bati eskainitako lehiaketa gastronomikoa egiten da egunero. Bilboko Aste Nagusiko ekitaldirik parte-hartzaileenetako bat da, eta kultura, gastronomia eta herritarren parte-hartzea uztartzen ditu.
Txipiroiak beren tintan, patata-tortilla, marmitakoa edo bakailao pil-pilean jaki tradizionala dira festa-gunean su motelean prestatzen diren plateretako batzuk. Parte-hartzaile eta bisitari ugari biltzen dira bertan, sukaldariak lehen lerroan ikustera hurbiltzen direnak.
Aste Nagusian, gustu eta adin guztietarako jarduerak daude: Euskal folklorea eta herri kirolak, txikigunea etxeko txikienentzako jarduerekin, 100 musika jarduera baino gehiago hiri osoan zehar hainbat agertokitan banatuak, kaleko antzerki-ikuskizunak eta arte eszenikoak, edo Bilboko zerua argiz eta soinuz betetzen duten su artifizial ikusgarriak gauero.
Aste Nagusia hasi baino aste batzuk lehenago, jai-egitaraua argitaratzen da, eta bertan ikus daitezke doako jarduera guztiak.
Ez pentsatu gehiago, etor zaitez Bilbora Aste Nagusian eta goza ezazu jaiaz edozein bilbotarrek bezala. Eta ez ahaztu Marijaia agurtzea.
Aste Nagusia bakarra dago
hamar gauekoa munduan.
Abuztuan Bilbon denok batera
katuak eurak be jaietan.
Mari, Mari, Marijaia dator
Mari, Mari, Marijaia dator.
Uger, uger,Bilboko uretan
Mari, Mari, Marijaia dator.
Abuztuan danok zahar eta gazte
gizon eta andre jaietan.
Zapia lepoan alkar hartuta
kolore guztiak dantzetan.
Hiriak Ekitaldiak
Hiriak Ekitaldiak Planak