Bilboko Alde Zaharreko 6 bitxikeria
Joan edukira
  1. Ezagutu Euskadi
  2. Blog Turista Maitea
  3. Blog

Bilboko Alde Zaharreko 6 bitxikeria

Unamuno plaza
2024ko irailaren 2(e)an
Unamuno plaza

Hiriak Planak Artea

Bilboko Alde Zaharra, Zazpikale izenez ezaguna, galtzada-harrizko kale estu eta pintoreskoko multzoa baino askoz gehiago da. Hirian historia gehien duten auzoetako bat da.

Zure bidaiaren aurretik, jaso bitxikeria hauek zure bidaiakideei kontatzeko eta Alde Zaharreko ibilbidea interesgarriagoa egiteko:

1. Zazpi kaleak, Bilboren jatorria

Bilboko Alde Zaharra, Zazpi Kaleak izenez ere ezaguna, hiriko gunerik zaharrena da. Jatorriz, honako zazpi kale hauek osatzen zuten: Somera, Artekale, Dendarikale, Belostikale, Harategi Zahar kalea, Barrenkale eta Barrena

Kale horietatik zehar paseatzea denboran atzera egitea bezala da; eraikin historikoak, denda tradizionalak eta Bilboren esentzia sentiaraziko dizun giro paregabea.

Bilboko Alde Zaharra
Bilboko Alde Zaharra

2. Txakurraren iturria

Alde Zaharretik igaroz gero, hemen geldialdia egitea derrigorrezkoa da. 1800. urtean eraikitako iturria da, eta lehoi itxurako hiru txorrota ditu. Eta, lehoiak izanik, zergatik deitzen zaio txakurraren iturria?

Askok galdetzen diote hori beren buruari, baina ez dago erantzun ofizialik. Dena den, bi teoria daude: Lehenak dio bilbotarrek ez zekitela lehoi bat zer zen, baina hiriko sinboloa izanda, ez da oso sinesgarria... Bigarren teoriaren arabera, bizilagun batek lehoi bat zizelkatu zuen etxeko fatxadan, baina hain gaizki atera zitzaion, non bizilagunek txakur itxura hartu baitzioten. Kaleari eta iturriari izena jarri zien pasadizoa.

Txakurraren iturria
Txakurraren iturria

3. Erriberako merkatua

Bilboko itsasadarraren ertzean, Alde Zaharrean bertan, Erriberako merkatua dago, Bilboko eraikin adierazgarrienetako bat. Historia luzea du, XIV. mendekoa, baserritarrak beren produktuekin bertara jaisten baitziren. 

Historia luzeaz gain, merkatuak Guinness errekor bat du, Europako hornidura-merkatu munizipalik handiena baita. Bertan Euskadiko tokiko produktu tipikoak eta 50 postu baino gehiago topatuko dituzu, eta, egoera berezietan, eraikinean kontzertuak egiten dira.

Erriberako merkatua
Erriberako merkatua

4. Tunelak eta soto sekretuak Alde Zaharraren azpian

Alde Zaharra denboraren lekuko izan da, eta garai jakin batzuetan, tunelak eta sotoak eraiki ziren, kaleak, lokalak eta are San Anton eliza lotzeko. 

Sotoetako batzuk kontrabandorako erabiltzen ziren, eta tunelen bidez konektatuta zeuden. Beste askok Gerra Zibileko aireko bonbardaketen aurkako herritarrentzako babesleku zaharrak lotzen dituzte. Tunel horiek ezin dira bisitatu, baina Bilboko Udalak bisita birtualak eskaintzen ditu babesleku antiaereoak barrutik ikusi ahal izateko.

San Anton eliza
San Anton eliza

5. Begoñako Basilikaren ikuspegiak

Pilota kalearen eta Andra Maria kalearen arteko izkina Bilboko Alde Zaharreko punturik esanguratsuenetako bat da. Kale estu horien artean, puntu hori da Begoñako Basilika ikusteko angelu bakarra. 

Gainera, Ama Birjinaren omenez (Amatxu Begoña izenaz ezaguna), kale horien horman Ama Birjinaren eskultura bat dago, eskuetan itsulapiko bat duela. Itsulapikoan txikiteroek soberan dutena uzten dute erronda ordaindu ondoren. 

Txikitoak ardo kopen neurri txikia dira. Tabernaz taberna ardo kopa hauek eskatzen ibiltzen direnei txikitero deitzen zaie arrunki.

Begoñako Ama Birjinaren omenezko eskultura
Begoñako Ama Birjinaren omenezko eskultura

6. Mallonako hilerri zaharra

Hiriko hilerri nagusietako bat izan zen, Vista Alegrek ordezkatu zuen arte.

Unamuno plazatik eskaileretatik igota, antzinako arkupe bat topatuko duzu, gaur egun parke den hilerri zaharrera sartzeko. Hemendik Bilboko ikuspegi pribilegiatuenetako bat ikusi ahal izango duzu.

Unamuno plaza
Unamuno plaza

Orain ezagutzen dituzu Bilboko Alde Zaharrak ezkutatzen dituen zenbait sekretu eta bitxikeria, baina askoz gehiago daude... Adibidez, zein izango da Alde Zaharreko pintxorik onena? Zure kabuz aurkitzeko erronka botatzen dizugu!

Erlazionatutako artikuluak