Urtero legez, urtarrilaren erdialdean, Gure sagardo berria! oihuak sagardoaren denboraldiari hasiera emango dio. Apirilera arte sagardo naturalaren uzta berriaz kupeletik zuzenean gozatzeko parada izango da.
Orain zenbait hamarkada botiletan salduko zen sagardoa dastatzeko errituala zena gastronomia-jai handia da gaur egun. Hainbat dira garai honetan ateak zabaltzen dituzten sagardotegiak. Sagardotegiko menuan, bakailao-tortilla, bakailaoa piperrekin, txuletoia, gazta irasagarrarekin eta intxaurrak eskaintzen dituzte; guztia, sagardoaz lagunduta.
Sagardotegietan zutik jatea da ohikoena, baina tradizio hori mantendu ez duten sagardotegiak ere badaude. Ohiturak agintzen duenez, kupelak zabaltzeko ardura duenak Txotx! oihuarekin deitzen ditu mahaikideak. Orduan, kupelera gerturatzen dira denak sagardoa dastatzeko. Jangelaren ondoan egon ohi diren kupeletatik zuzenean hartzen dute. Jendearen joan-etorria etengabea izaten da.
Asko dira Euskadiko sagardotegiak, gehienak Astigarragan, Hernanin, Usurbilen eta Urnietan kokatuta, baina Gipuzkoako beste hainbat udalerritan, Bizkaian eta Araban ere sagardotegiak aurki ditzakegu. Gaur egun, familiak eta lagun-taldeak elkartzen dira giro bikainaz eta sagardo naturalaz gozatzeko.