Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Ekitaldiak

Ekitaldiak

Olentzero

Olentzero

Abenduaren 24an Eguberria iragartzeko eta haurren artean opariak banatzeko ardura duen pertsonaia dugu Olentzero. Egun horretan, kaleetan zehar ibiltzen da gozokiak banatzen eta haurren gutunak jasotzen. Horrez gainera, abesbatza ugari ibiltzen da iluntzean diru-eskean eta Olentzeroren istorioa kantatzen. Kasu batzuetan, Olentzeroren panpina bat daramate, besteetan, berriz, pertsona bat doa ikazkin jantzita. Iluntzean, panpinari su ematen diote.


Bilbon, abenduaren 23an ikus dezakezu Olentzeroren Etorrera. Ibilbidea Moiua Plazan hasi eta Arriaga Antzokian amaitzen da. Abenduaren 24an, larunbata goizez, Olentzerok harrera egingo die ume guztiei Arriaga Antzokian.

Gasteizen eta Donostian, Olentzeroren Etorrera abenduaren 24an egiten da.

Olentzerok (abesti herrikoietan bihurri eta jatorra dela diote) neguko solstizioa gogora ekartzeko Kristo aurreko tradizio paganoarekin du harremana. Ospakizun horrek suarekin zerikusi handia du. Hasiera batean, Gabon-gauan tximiniako sutara botatzen zuten enborrari deitzen zioten Olentzero. Biharamunean, su horretako errautsak etxebizitzako ate nagusiaren aurrean botatzen zituzten, etxea bera eta bertan bizi ziren guztiak urte berri osoan babesteko.

Euskal mitologiaren arabera, jentilak mendietatik jaitsi ziren Kixmiren (horrela esaten zioten Kristori) etorrera iragartzeko. Elementu mitologiko hori eta subilaren eta suaren tradizioa uztartuta, Olentzero ikazkinaren pertsonaia jaio zen. Mendian lanean ari zela, Kristoren jaiotzaren berri izan zuen eta Berri Ona ematera herrira jaitsi zen.

XX. mendean, Bizarzuri eta Hiru Errege Magoak alegiazko antzeko pertsonaien ezaugarri bat hartu zuen Olentzerok, eta Eguberrietan haurrei opariak ekartzeari ekin zion.

Gaur egun, Mungian (Uriguen parkearen ondo-ondoan) Olentzeroren baserria, Izenaduba Basoa, bisitatzeko aukera dago. Euskadiko baserri zaharrenetarikoa da, eta, bertan, urte osoan zehar euskal mitologiaren nondik norakoak ezagutuko ditugu.
Data: 2017/12/24 - 2018/01/06
Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non
Euskadi, auzolana