Lekeitioko San Pedro jaiak | Euskadiko Turismo Agenda | Turismoa Euskadi
Joan edukira
Kaxarranka

Lekeitioko San Pedro jaiak

Kokapena Lekeitio

29 ekainaren
1 uztailaren

Kaxarranka dantza, Kilin-Kala eta emakumeen aurreskua. Gure artean aski ezagunak diren tradizio horiek urtero ekainaren 29an, San Pedro egunean, ospatzen dituzte Lekeition.

Meza Nagusiaren ostean San Pedroren omenezko prozesioa egiten dute Santa Maria elizatik porturaino. Hara heldutakoan, Kilin-Kala izeneko zeremonia bitxia egiten da: Santuaren irudia daramaten lagunek, herriko musika bandako kideak lagun dituztela, santua uretara botatzeko keinua egiten dute. Tradizioari jarraiki, arrantza oparoa bermatzea du helburu nagusi erritual berezi horrek.

Ondoren Kaxarranka dantza ospetsua egiten dute: dantzari batek zortzi arrantzalek eusten duten kaxa baten gainean egiten du dantzan. Hiru zati ditu Kaxarrankak: zortzikoa, fandangoa eta arin-arina. San Pedroren irudiaren aurrean dantzatzen dute lehendabizi, eta, horren ostean, hainbat txoko bisitatzen dituzte: arrantzale-kofradiaren presidentearen etxea, herriko plaza eta Udaletxea, besteak beste. Txistuaren, danbolinaren eta atabalaren soinuek ere Lekeitioko kaleak hartzen dituzte. 

Eguerdian emakumeen aurreskua dantzatzen dute Herriko Plazan, eta arratsaldean danborradak kale lekeitiarrak zeharkatzen ditu. Hurrengo egunean (San Pedro Txiki) askotariko ekitaldiak antolatzen badituzte ere, musikak garrantzi berezia hartzen du. Herriko Musika Bandak Sanpedropean (San Pedroren irudiaren azpian) emanaldia eskaintzen du, eta, gauean, erromeria antolatzen dute Talan. 23:00etatik aurrera, Herriko Musika Bandak Talatik Udaletxeko eskaileretaraino desfilea egin ohi du, kalejiran. 

Uztailaren 1ean, San Pedro Beltza egunean, Tortola eta Beheko Kaleen artean erromeria ospatzen da, Santuaren irudiaren aurrean.

Ezinbestekoak hurbil