Aste Santua berez Erramu Igandetik Pazko Igandera doan kristautasunaren denbora-bitarte sakratua da; zenbait lekutan, halere, aurreko ostiralean (Doloretako Ostirala) hasten dira ospakizunekin.
Bizkaia
Bizkaian garai honetan bi dira herri erakargarrienak, bertakoek prestatzen dituzten ospakizun ikusgarriak direla eta: Balmaseda eta Bilbao. Guztiok dugu ezagun Balmasedako Via Crucis biziduna, protagonistatzat herritarrak eurak dituena. Gaur egun 500 lagunek baino gehiagok hartzen dute parte bertan. Ostegun Santuan hasten da ospakizuna, "Azken Afaria", "Baratzeko Otoitza" eta "Jesusen Atxiloketa" antzeztuta. Ostiral Santuan, goizeko 9etan guardia erromatarrak danborrak jotzen ditu eta hortik aurrera "Pilatosen Epaiketa", "Judasen urkatzea" eta Pasioaren bestelako tarte batzuk izango dira, gurutziltzaketara arte, urrats bizidunen bidez.
Bilbon Donibane elizatik abiatzen da Aste Santuko prozesioa. Eliza hori hasiera batean Atxurin zegoen, Bilboko ospitalearen ondoan. Bilbon prozesioa 1554. urtetik egiten dute, Egiazko Gurutze Santuaren Kofradia sortu eta urtebetera (gerora zortzi ermandade gehitu zitzaizkion horri).
Gipuzkoa
Azkoitian Aste Santua lasaitasunean egon eta hausnartzeko unea da, bai eta herriaren folklore aberatsa gozatzeko aukera ezin hobea ere, prozesioetan egiten dituzten erritoen bidez. Gaur egun egin ohi dituzten ekitaldien artean, Ostiral Santukoak dira azpimarragarrienak. Kristoren hilkutxa eta Andre Maria Doloretakoa herriko kaleetatik eramaten dituzte, isiltasun sakonean; isiltasun hori apurtzen dituzten bakarrak armatus-ak dira, beren lantzak lurraren kontra jota. Hondarribian batez ere Ostiral Santuan eta Pazko Igandean egiten dituzte ospakizun handiak. Herritar gehienek parte hartzen dute ekitaldietan. Ostiralean, arratsaldeko 17:00etan, Parrokia-elizan biltzen dira herritarrak Kristo gurutziltzatuaren jaitsiera ikusteko asmoarekin; bost metroko errezel beltz handi batek gordetzen du gurutzea. Seguran ere Aste Santua ospatzen jarraitzen dute egun. Ostegun eta Ostiral Santuetan prozesioak egiten dituzte.
Araba
Ostegun Santutik Pazko Igandera bitartean, Jesu Kristoren heriotza eta berpizkundea gogoratzeko, prozesioa egiten dute lurraldeko hiri eta herri askotan. Besteak beste, Gasteiz edo Guardiako prozesioetara joan zaitezke. Eta Pazko Igandean Gesaltza Añanara, Mañuetara edo Lagranera joanda, "Judasen Erreketa" ikus dezakezu. Moredan su batean erretzen dute Jesus saldu zuen apostolua, ondoan bere laguna, Judesa, duela. Gasteizen, Ostegun eta Ostiral Santuetan, 300 bat nazaretar biltzen dira lau mende baino gehiago dituzten Isiltasunaren eta Jaunaren Hilobiratzearen prozesioen inguruan. Eta Erramu Igandean katedral berrian ospatzen den palmen bedeinkapenean hartzen dute parte fededunek.