Euskadi Basque Country
 

Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Ekitaldiak

Ekitaldiak

Arabako inauteriak ezagutu

Arabako inauteriak ezagutu

Asko dira Araban aratusteak ospatzen dituzten udalerriak. Gasteizen, adibidez, "Ostegun Gizenarekin" ematen zaie hasiera inauteriei. Egun horretan, haurren abesbatzek hiriko kaleak zeharkatzen dituzte euren kantekin. Baina asteburuan hasten dira benetako aratusteak, mozorro lehiaketarekin eta konpartsen desfilearekin. Plaza Berrian egin ohi den sardina-ehorzketarekin bukatzen da jaia.

 

Zalduondoko baserri-giroko aratusteak oso ospetsuak izateaz gainera, Arabako zaharrenetakoak dira. Zalduondoko inauterien protagonista nagusia, Markitos panpina xelebrea, herritik paseatzen dute igande-inauterian, beste pertsonaia batzuekin batera. Markitosen bizitza nahiko laburra da; izan ere, epaiketa egin ostean, su ematen diote Zalduondoko eta inguruetako biztanleen aurrean. Udalerriaren gaitz guztien sinboloa da, eta, ondorioz, hura erretzean zalduondarren bekatu guztiak garbitzen dira.

 

Santikurutze Kanpezun Toribio panpinak erakartzen ditu begirada guztiak inauteri-asteartean. Pertsonaia horri urtean zehar herrian gertatutako ezbehar guztiak leporatzen dizkiote, eta, horregatik, heriotza-zigorra ezartzen diote. Horren ostean, herritar guztiek (haurrak barne) Toribio uretara botatzea eskatzen dute.

 

Bestalde, larunbata da Laudioko inauterien egun handia. Egun horretan egiten dute Letziaga sorginaren jaitsiera. Kondairaren arabera, izen bereko kobazuloan bizi zen emakumeak laudiotarrak erakartzen zituen bere kantuekin. Erre baino lehen, Laudioko kaleetan zehar erakusten dute panpina.

 

Aurrekoez gainera, Aguraingo aratusteak ere nabarmendu behar dira. Ostiralean hasten da jaia, Porrerori eta Sorginari, Aguraingo inauterietako pertsonaia ospetsuenei, egiten dieten ongietorriarekin. Lagun desberdinak arduratzen dira urtero pertsonaia horiek gorpuzteaz. Larunbatean, mozorro lehiaketa egiteaz gain, ehunka lagunek desfilean parte hartzen dute, Porrero eta Sorgin mozorroak jantzita. Baserri-giroko aratustea da nagusi hurrengo egunean, eta, asteartean, pertsonaiei agurra egiten diete.

 

Porretero izeneko pertsonaia da Salcedoko (Lantaron) aratusteen izarra; zigorra ezarri ostean, teilatu baten gainera botatzen dute.

 

Aipatzekoak dira, baita ere, Ilarduia, Egino eta Andoineko inauteriak. Ospakizun honetan, Lastozko Gizona eramaten dute herriz-herri, sua eman aurrretik. Bestalde, Kuartangon, Santa Agedarekin batera ospatzen dute inauteri goiztiarra.

Irisgarritasuna
Eskaintzak
Datu orokorretara itzultzea
Non

Datu interesgarriak

Data: 2020/02/18 - 2020/02/29
Euskadi, auzolana