Informazio praktikoa: txakurrarekin bidaiatzeko gomendioak | Turismoa Euskadi

Aholku orokorrak

'Euskadi txakurrarekin' webgunerako informazio praktikoa

Txakurrarekin bidaiatzeak aparteko plangintza txiki bat eskatzen du beti, baina ahaleginak merezi du azkenean. Euskadira txakurrarekin egin nahi duzun bidaia prestatzen lagunduko dizugu, biek ere primeran pasa dezazuen.

Edozein bidaia egin baino lehen, oso gomendagarria da zure txakurra konfiantzazko albaitariarengana eramatea, azterketa orokor bat egin diezaion. Zure txakurra bidaiaz gozatzeko osasun-egoera ezin hobean dagoela berresteaz gainera, txertoak eta desparasitazioak egunean ote dauden ere ikus dezake albaitariak, indarreko araudia betetzeko moduan, eta beste edozein babes edo aholku ere eman diezazuke, bidaian edo garraioan zure ongizatea ermatzeko lagungarri izan daitekeena. Hitzordua aldez aurretik hartu, behar adinako denborarekin, litekeena delako txertoren bat jarri edo gaitzen bat tratatu behar izatea, horrela dena konponduta uzteko Euskadira txakurrarekin bidaiatu baino lehen.
Gaur egun, amorruaren aurkako txertoa ez da nahitaezkoa hiru autonomia-erkidegotan: Euskadin, Galizian eta Katalunian. Espainiatik kanpoko toki batetik bazatoz nahitaezkoa da, ordea. Espainiako beste autonomia-erkidegoetan barrena bidaiatzeko ere nahitaezkoa da, eta horregatik gomendatzen dizugu, zure lasaitasun eta askatasunerako, zure txakurrari amorruaren aurkako txertoa jartzea zure konfiantzazko albaitariaren eskutik, bidaiari ekin baino lehen.
Leishmaniosia gaixotasun kroniko bat da, eltxo flebotomoak txakurrei transmititzen diena, baina Euskadi gaitz horren arriskurik gabeko eremutzat jotzen da, eta beraz, ez da beharrezkoa zure txakurra mehatxu horren aurka babestea. Nolanahi ere, galdetu zure albaitariari egoera alda ote litekeen, edota, Euskadira iritsi aurretik, arriskua duten eremuetan barrena ibiltzeko asmoa baduzu.
Europar Batasunetik kanpoko beste herrialde batetik bazatoz, Pet Passport agiria egunean eduki beharko duzu, azken txertoak bilduta. Gainera, Erresuma Batuaren, Irlandaren, Maltaren, Finlandiaren edo Norvegiaren kasuan, zure txakurrari E. multilocularis-aren aurkako tratamendua jarri beharko diozu, zure herrialdera itzuli baino 24-120 ordu lehenago.
Gomendatzen dizugu informazio praktiko batzuk prestatzea, zu eta zure txakurra Euskadin lasaiago ibil zaitezten, bidaiaz eta egonaldiaz ahalik eta gehien gozatuz:
  • Aurkitu aurretiaz, helmugan, larrialdietarako albaitariren bat eta txakurra ordu batzuetan uzteko hotela edo zaindegia, baldin eta bera joan ezin den edo estresa eragin diezaiokeen jardueraren bat (gaueko kontzertuak, museoren baterako bisita...) egiteko asmoa baduzu.
  • Oso interesgarria litzateke, halaber, txakurrak lepokoan identifikazio-plaka bat eramatea telefono-zenbaki eguneratuarekin, eta bidaian zuk beti telefonoa konektatuta edukitzea, noski.
  • Berretsi mikrotxipa egunean dagoela, harremanetarako telefono-zenbakiak eguneratuta, eta aurkitu zure hiriko erregistroko telefono-zenbakia, litekeena delako bidaian galera- edo identifikazio-arazoren bat izatea. Albaitariak lagunduko dizu horrekin.
  • Aurreko puntuan adierazi dugunez, funtsezkoa da albaitari-kartilla edo pet-passport agiria eguneratuta duzula bidaiatzea, nahitaezko txerto guztiak jarrita.

Erantzukizun zibileko asegurua interesgarria da, ez bakarrik bidaietarako, baita eguneroko gainerako egoeretarako ere: izan ere, zure txakurrak ondasun eta objektuei zein pertsonei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzen ditu: esaterako, ihes egin ondoren norbaiten erorikoa edo trafiko-istripuren bat eragiten badu... Batzuetan, albaitari-estaldura gehigarri batzuekin eskain daiteke. Euskadin, adibidez, erantzukizun zibileko asegurua nahitaezkoa da lurraldean erroldatutako txakur guztientzat, haien arraza edozein izanik ere. Esaterako, beste eremu batzuetan nahitaezkoa da, soilik, arriskutsutzat izan daitezkeen arrazetako txakurrentzat.

Maskotentzako bidaia-aseguruak ere interesgarriak izan daitezke zuretzat, zure txakurra gaixotu edo hilez gero bidaia bertan behera uztea estaltzen dutelako, edota istripua izanez gero aberriratzea, etab.

Txakurrarekin bidaiatzen baduzu, utzi aztarna... baina aztarna ona!

  • Gune eta bide publikoetatik ibiltzerakoan, gehienez bi metroko luzera duen uhal batekin loturik joan behar dute.
  • Eraman beti alboan, kontrolpean eta garbi. Zure txakurraren 'aztarna marroiak' biltzeko poltsatxoak aliatu preziatuak dira.
  • 'Dog-friendly' kafe, lokal eta ostatuetan erreserbatzen duzunean, lagunduta iritsiko zarela ohartarazi. Hobeto artatuko zaituzte.
  • Txakurrentzako zirarekin bidaiatu. Gerta daiteke egun euritsuren bat edo beste edukitzea.
  • Irakurri beti lokal bakoitzak zer politika duen txakurrarekin sartzen diren bezeroekin; eta gustukoa ez baduzu, joan beste norabait.
  • Landan eta mendian ibiltzen zarenean, txakurra uhal luze batekin erabiltzea gomendatzen dizugu; horrela ez duzu ustekaberik izango bidean aurkituko dituzun baserrietako txakur zaindariekin.
  • Pentsatu txakurrak eroso eta seguru egon behar duela; ez behartu plan estresagarrietan parte hartzera.
Deja huella de la buena

Informazio praktiko gehiago ikusteko egin klik hemen.