Gure lurraldearen hedadura txikia kontuan hartuta, esan liteke Europako oparoenetakoa dela euskal mitologia: Ama Lur edo Amari jainkosa nagusi duen parnaso txiki bat, gure arbasoen iruditeria osatu zuten eta oraindik gure herriaren memorian bizirik dirauten erraldoi, lamina, iratxo, herensuge, sorgin eta ezin konta ahala izaki fantastikoren bizitokia.
Haitzulo, mendi, baso, ibai eta abarrek ezaugarri magikoak zituzten gure lurreko biztanleentzat. Baita egunak eta gauak ere, eta Eguzkiak eta Ilargiak, argiak eta ilunak, unibertsoak. Naturak eta bizitzak bat egiten dute gure mitologian; kosmologia propio bat osatzen dute gizakiek eta pertsonaia fantastikoek, animaliek eta landareek, gure egunetaraino iritsi dena elezahar eta tradizio eran.
Euskal idazle emankor eta sarituenetarikoa den Toti Martinez de Lezearen eta Juan Luis Landa ilustratzailearen eskutik, sar zaitez ibilbide hauekin euskal mitologiaren munduan.
Zatoz gurekin Europako Ama Lurren oroitzapen bizi apurretako baten –bakarra ez esatearren– herrialdea ezagutzera. Amarik naturako lau elementuak adierazten ditu: Lurra, Airea, Ura eta Sua. Haren mende daude bizitza eta heriotza, uztak, zoriona eta zoritxarra; eta lotura du, halaber, emankortasunaren gurtzekin.
Ibilbidea ikusiGaltza gorriz jantzitako jeinu txiki hauek, orratzontzietan bizi direnak launakako taldeetan, berebiziko indarra dute, eta nagusien zerbitzura jartzen dituzte beren ahal guztiak. Toki batzuetan, familiarrak edo mamarruak esaten diete.
Ibilbidea ikusiErraldoiek euskal lurralde guztian dute presentzia. Toki batzuetan, gizakiez elikatzen diren pertsonaia izugarri modura azaltzen dira; eta, beste batzuetan, berriz, izaki zintzo eta adeitsu modura. Era batekoak nahiz bestekoak izan, berebiziko indarra dute den-denek, eta gure herriaren antzinako kultura islatzen duten lanbideetan dihardute: artzain, hargin, zurgin edo errotari.
Ibilbidea ikusiHerensuge asko ditugu euskal mendietako osinetan: izugarriak eta arriskutsuak, horietako batzuk; jakintsuak eta babesleak, berriz, beste asko. Badira buru bakarreko herensugeak, hirukoak, baita zazpikoak ere; eta ahotik sua botatzen dute gehienek. Batzuk herensuge tankeran agertzen dira; musker erraldoiaren antza dute beste batzuek, eta sugetzarren modukoak dira besteak.
Ibilbidea ikusiEuskadin, nonahi kontatzen dira sorginen istorioak. Zatoz, eta bisita ditzagun toki horietako batzuk!
Ibilbidea ikusiLaminak maiz agertzen dira euskal ahozko literaturan, eta askotariko izenekin, hala nola Lamiñaku, Amilamia eta Eleilamia. Oro har, emakume gazte ederren itxuran agertzen ziren; adats horia zuten, luze-luzea, eta hura orrazteko urrezko orrazia; eta oinetako behatzak mintz batez lotuta, ahateek bezala, edo ahuntzenaren tankerako apatxak bezalakoak.
Ibilbidea ikusiOndorengo araoa ozen esanez unibertso fantastiko horretara sartzeko giltza lortzen dela ziurtatzen duenik ere badago…
Ausartuko zara?