Gaur Euskadiko hiriburuaren bihotz berdeenean barrena barruratuko gara, Gasteizen. Hiri hau Green Capital izendatu zuten 2012an, eta Global Green City Award saria jaso zuen 2019an. Horrenbestez, munduko hiri jasangarrienetako baten aurrean gaude.
Hiri lasaia da, bisitariarekiko lagunkoia, eta Erdi Aroko hirigune garrantzitsu bat izateaz gain, hiri europar guztien inbidia bihurtu den berdegune bat daukana. Hiri hau ezagutzeak benetan harrituko zaitu.
GOIZEAN
Gaurkoan, bisita aktiboena goizean egingo dugu, eta bisita lasaiagoa arratsalderako utziko dugu. Goizeko 11:00etan Salburuko hezeguneen interpretazio-zentrora joko dugu, Ataria izenaz ezaguna den interpretazio-zentrora. Han bizikleta arrunt bat edo bizikleta elektriko bat alokatu ahalko dugu eta, hala, Gasteizko eraztun berdearen zati bat egingo dugu bizikletaz. Eraztun berdearen perimetroak hiriko 6 parke lotzen ditu (Armentia, Olarizu, Zabalgana, Las Neveras, Salburua eta Zadorra).
Ibilbide osoak bizikletentzat egokitutako 30 km inguruko bidea dauka, nahiz eta gaurkoan Salburua hezegunearen eta Olarizuko larreko etxearen arteko ibilbidea egitea proposatzen dizuegun, 16 km inguruko joan-etorria.
Beste aukera bat Salburua parkeaz soilik gozatzea litzateke, lehen aipatutako 6 parkeen artean azalera handiena duena eta interesgarriena dena baita. Eremu horretan, Salburua parkean bertan, ibilbide ugari egiteko aukera dago: askotariko hegaztiak ikusteko prestatuta dauden begiratokietara hurbildu gaitezke; edota bertan bizi diren orein-taldeak behatzera joan gaitezke, haurrei gehien gustatu ohi zaien jarduera, hain zuzen.
Goizeko txango horrek, zalantzarik gabe, oroitzapen bikainak utziko dizkie berau burutzen duten familiei. Eraztun Berdeak ibilbidea nahi adina luzatzeko aukera ematen du. Hala, ibilbidea osatu edo zati txikiak egitea erabaki daiteke. Ibilbideak hiriarekin daukan lotura ezin hobea da, izan ere, une oro ikusteko moduan dago hiria, eta nahi dugunean ibilbidetik irteteko aukera izango dugu.
Bazkalorduan hiriguneko edozein jatetxeetara edo ibilbidean zehar ezagututako inguruko auzoetako jatetxeetara joan ahalko gara otordua egitera. Piknik bat eraman eta norbere kontura ere bazkaldu daiteke, adibidez, Olarizun larreko etxearen alboan.
ARRATSALDEAN
Arratsaldea hiriaz gozatzeko unea izango da. Erdi Aroko hirigunea ezagutzea gomendatzen dizuegu eta, ahal izanez gero, hiriko beste ikono bat bisitatzea ere bai: Santa Maria Katedrala edo, Gasteizen esan ohi duten eran, Katedral Zaharra. Denboran zehar barreiatutako une historikoetan eraikitako erabilera desberdineko eraikin multzo bat biltzen du. Tenplua XIII. mendekoa da. Santa Maria eliza eraikin nagusia eta multzoko eraikin zaharrena da.
Bisita taldean egin behar da eta, aldez aurretik, Santa Maria fundazioarekin harremanetan jarri ostean.
Bisita amaitu eta gero, gomendagarria da Fournier Karta Museora hurbiltzea, munduan bakarra dena. Bilduma desberdinen bidez, historian zehar eta hainbat herrialdetan kartek izan duten bilakaera ikus daiteke han, bai ekoizpenaren ikuspuntutik, bai gaien ikuspuntutik.
KONTRATA DAITEZKEEN ZERBITZU-ENPRESAK:
Ibilbidea bizikletaz Eraztun Berdean eta bisita turistikoa Gasteizen: Guiartu / www.guiartu.com / 616203656
Ibilbide turistikoak Gasteizen : Guías Artea / www.guiasartea.com / 945 148 794
Non jan plan honetan: www.euskadigastronomika.eus
Non ostatu hartu plan honetan: www.nekatur.net
Datu orokorrak
Informazio gehiago:
Gasteizko Turismo Bulegoa / Plaza de España , 1 / 945 161 598
Gaztelania, Euskara
Gomendioak