Euskadiren erraietan barneratu ezean ez duzu lur honen bihotza ezagutuko. Arditurriko meategiak esploratuz, edota Ekaingo edo Arrikrutzeko leizeetan gidari adituen eskutik sarturik, iraganean sakontzeko aukera bikaina duzu. Mendetako mea tradizioa, historiaurreko artea eta eraketa geologiko miragarriak zain dituzu...
Euskadiren jatorriaren bila barnera zaitezen proposatzen dizugu, leize-zulo garrantzizkoenak bisitatuz, bai izadiak eratutakoak eta bai gizakiak zulatuak, mea preziatuak argitara ateratzeko.
Abenturari Arditurriko meategietan ekingo diogu baina, aurrez, Irunen, Oiasso erromatarren museoa bisita dezazun aholkatzen dizugu, garai hartan hasi baitziren ustiatzen, zilarraren eta burdinaren bila, Esperientzia bakana da mea-zulo hauetan sartzea. Juan Guillermo Thalacker ingeniariak hauxe idatzi zuen 1803an: «Laurehun gizon, berrehun urtez lanean arituta, ez lirateke nahikoa izango mea-zulo hauek guztiak zulatzeko». Esaldi horretan islatzen dira Arditurriko meategien handitasuna eta han egindako itzelezko lanak. Tunel barruko ibilbidea giro liluragarrian egiten da, mea-zuloetan instalatu diren argi eta soinu jokoei eskerrak.
Gure lurpeko esperientziaren hurrengo urratsa Ekaingo haitzuloa da, non «arte kuaternarioko zaldi multzo perfektuena» baitago, André Leroi-Gourham etnologo eta arkeologo prestigiotsuaren arabera. Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen UNESCOk eta margolanen hauskortasuna dela-eta, haitzuloaren erreplika bat egin da jendeak bisita dezan. Bisita aurrez erreserbatzea aholkatzen dizugu.
Hurrengo egunean, presta zaitez euskal mendietan ondoen gordetako sekretua ezagutzera, Arrikrutzeko koban, zeina 14 kilometro luzeko lurpeko galeriaz osatutako karst-sistema konplexu bateko parte baita. Jaitsi zaitez 50 metro baino gehiago eta harritu zaitez lurpeko errekarekin, estalaktitekin edo aurkikuntza paleontologikoekin: leizeetako lehoi, lehoinabar eta hartzen hezurdurak.
Bizkaiaren bihotzean baldin bazaude, Santimamiñeko haitzuloa eta duela 14.000 urte margotutako labar-pintura miragarriak bisita ditzakezu. Kobazuloaren barruan, gizakiaren inpaktutik babesteko zenbaterainoko ikerlanak egiten ari diren egiaztatuko duzu eta, behin kanpora irtenda, haitzulo osoa korritu ahal izango duzu 3Dko erreplika birtual bati esker.
Azkenik, Bizkaiaren sartaldeko muturrean aurkituko duzu Pozalaguako leizea: estalaktita ezentrikoen ikuskizun paregabea. Armañongo parke naturaleko interpretazio zentroa Pozalaguako koben atari parean dago. Gune horrek duen aberastasun zoragarria du ardatz, eta aukera ematen du inguruko mendien gainean hegaldi birtual bat egiteko.
Datu orokorrak
Kontsultatu.
Kontsultatu
Informazio gehiago:
Gaztelania, Euskara
Gomendioak