Ezagutu Euskadi
Garagardoaren profesionalak bilduko dira Bilbon urrian
Euskalduna jauregian izango da sektoreko topaketarik handiena
Urriaren 8an, 9an eta 10ean, Bilbao Bizkaia Beer Meeting topaketa izango da Bizkaiko hiriburuan; lehen aldiz, garagardoaren industria izango da protagonista nagusia. Hemendik aurrera urtero egiteko asmoz sortu da ekitaldia, nazioarteko topagune izan dadin, sektoreak Europan dituen joera berriak aztertu eta ezagutaraztearren.
Industriarekin lotutako 275 parte-hartzaile eta 8.000 bisitari inguru biltzea da topaketaren helburua; eta gastronomia ere izango da protagonista nagusietako bat, toki garrantzitsua izango baitu ekitaldian.
Bilbao Bizkaia Beer Meeting topaketari esker, garagardoaren sektorearen ardatz bihurtuko da hiria eta, gainera, erakusleiho ere izan daiteke edari ezagun honen ekoizle garrantzitsuenentzat eta garagardoaren industriaren barruan sinergiak sortzeko. Horretarako, tokiko nahiz Europako 40 garagardo baino gehiago dastatu ahal izango dira.