Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Terreros dorrea XV. mendean eraiki zuen Juan Galindez Terrerosek.
Eraikin bertikala da, 15 metro inguru ditu altueran eta oina karratua du. Horma oso lodiak ditu, 1,20 metrokoak eta harlangaitzez egina dago gehienbat. Beheko solairua korta eta biltegi moduan erabiltzen zen, eta behin edo behin, baita kartzela moduan ere. Sarrera puntadun arkupean zegoen. Lehen solairuan etxebizitza zegoen, kanpotik harrizko eskailera batzuk zituen bertara sartzeko. Pisu hau oso altua da, dorrearen erdia da ia-ia. Horrek argitasun eta aireztatze arazoak sortzen zituen eta sabaileiho batzuk ireki behar izan zituzten. Bigarren solairu osoa egongela zen. Dorre askotan ez bezala, Terrerosekoak ganbara zuen.
Lapur-zuloak zituen, dorrera hurbiltzen zenari bertatik erasotzeko. Eraiki zutenetik ez du aldaketa askorik izan dorrearen egiturak, baserri bat gehitu zaio alboan bakarrik. Hori bai, teilatua eta barruko egitura jausi egin zitzaizkion.