Arte eta Kultura
Ondare kulturala
Barnealdeko Done Jakue Bidearen mugarria da San Adriango tunela, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko gune ederrenetakoa gainera. Mendi haitz burkail handia zulatzen du tunel honek, ingurune ezin ikusgarriagoan.
Historiak argitzen duen lekua da bestalde, han barrena igaro baitira mendeetan zehar erromesak, merkatariak eta errege-erreginak.
Hirurogeita hamar metroko barrua du hor nonbait, eta babesa eskaintzen dio San Adriango ermitari. Gune hartaraino iristen da egun ere Erdi Aroko galtzada bat, iraganean igarobide gisa eduki zuen garrantzi apartaren erakusgarri.
Zalduondo (Araba) eta Zegama (Gipuzkoa) dira tuneletik hurbilen dauden herriak. Bi herrialde horien arteko muga zehazten du tunelak.
Zalduondo herritik goiti, asfaltozko kamio batek urratzen du bidea Zumarraundi izeneko aurkintzaraino ("Las petroleras" esaten diote batzuek egun). Bost kilometro dira, kontserbazio egoera ez beti bat, eta halako nekea ere eragiten du bideak, gorantz betiere.
Goi mendibide patartsu batetik goiti iritsiko gara Zegama herritik, Aizkorri mendialdean barrena.