Menu

Euskadiko Turismo Ataria

 
Etapa
: Itsaslurreko Bide Berdea (3,5 km)
Hasiera: Pobeña Amaiera: Kobaron
Itsaslurreko Bide Berdeak -Muskiz Bizkaiko udalerrian- Pobeña eta Kobaron auzoak lotzen ditu. Pobeñan, Barbadun ibai-ahoan eta Arena hondartza ezagunaren mendebaldeko muturrean, emango diogu hasiera ibilbideari. Pobeñako aparkalekuaren amaieran aurretiaz aipatutako hondartzara eta Bide Berdera sartzeko bideak aurkituko ditugu. Seinaleei jarraituko diegu, eta 120 eskailera igo beharko ditugu. Tunel bat zeharkatuko dugu, baina igoeraren tarterik handienean landareak eta zelaiak izango ditugu lagun.

Paseoa lautu egingo da, eta Arena hondartzaren bista ederrez gozatu ahalko dugu. Handik gutxira bidegurutze batekin egingo dugu topo: eskuineko bideak McLennan meatze-enpresa zaharraren zamatzeko tokira eramango gaitu, baina guk ezkerrekoari helduko diogu gure jatorrizko ibilbideari jarraitzeko.

Ondoren Itsaslur biltegi zaharraren ertzetik ibiliko gara. Aparteko aipamena merezi du Itsaslur zamatzeko tokiak; izan ere, Bizkaian eraikitako lehenengoa izan zen eta mineralak itsasontziratzen zituen.

Horren ostean eskailera batzuek plaza txiki bateraino gidatuko gaituzte, eta hormigoizko bide batek Bide Berdera eramango gaitu berriz (une batez itsaslabarretatik aldenduko gara). Gaztelu Zaharraren Punta deritzon gunean antzina defentsarako erabiltzen zen etxe txiki baten hondarrak ikusiko ditugu.

Gaztelu Zaharraren Punta atzean utzi ondoren itsaslabarrekin egingo dugu topo berriz; paraje horri Aspra esaten diote. Bertatik itsasontzi handiak eta Santiago Bidea egiten ari diren erromesak ere ikusiko ditugu.

Ibilbideari jarraituko diogu, eta atsedenleku txiki batean egingo dugu hurrengo geldiunea. Bidexka batetik jaitsi beharko gara Juncosa hondartzara iristeko, eta aparkalekuan emango dugu bukatutzat gure txangoa.
Euskadi, auzolana