Helmuga turistikoak
Herriak
Bertako txokolate bikainek egin dute ezagun, batez ere, Debabarreneko udalerri txiki hau. Ingurune natural ezin ederrago batean dago Mendaro, Izarraitz eta Arno mendilerroen babesean.
Kilimon haranaren ertz batean dago, lurzoru karstikoa duen bailara estu eta berdearen muturrean. Hainbat errekasto lur azpian sartzen eta irteten dira aldizka Deba ibaian urak isuri arte. Beraz, bailara hau espeleologia egiteko toki paregabea da, leize eta haitzulo ugari baitaude.
Bestalde, arkitekturari dagokionez, ondare garrantzitsua dauka Mendarok. XV. mendetik bi parrokia dituen Euskadiko herri bakanetakoa da. Jasokundeko Ama Birjinaren eliza Azpilgoeta auzoan dago, Deba ibaiaren ezkerreko aldean; Andre Maria Sortzez Garbiaren eliza, berriz, Garagartzan dago, ibaiaren beste ertzean. Lasalde eta Ospaz dorretxeak ere nahitaez azpimarratu behar dira, herrian dauden Erdi Aroko eraikinen artean adierazgarrienetakoak baitira.
Mendaroko txokolateak
Aparteko aipamena merezi du Mendaroko txokolate ekoizpenak. Saint-Gerons familiak txokolateak, trufak, bonboiak eta turroiak egiten ditu 1850etik, antzinako errezetak erabilita. Egun, herrira iristen diren bisitari askok erosten dituzte, bidaia are gehiago gozatzeko.
Azkenik, uztailaren bukaeran Santa Ana zaindariaren omenezko festak egiten dituzte Mendaron. Herri-kirolak eta musika uztartzen dituzte ahalik eta egitaraurik onena prestatzeko. Horrez gain, martxoaren 1ean erromeria egiten dute Aingeru Guardako Zaindariaren ermitan.