Helmuga turistikoak
Herriak
Betidanik gatzaren erauzketari lotuta egon da Gipuzkoako hego-mendebaldeko udalerri txikia den Leintz Gatzaga.
Arabarekin muga egiten du eta mendi-hegal malkartsu batean dago, Debagoiena eskualdean, Eskoriatzatik, Aretxabaletatik eta Arrasatetik oso gertu.
Bi elementuri lotuta dago Leintz Gatzagaren historia: Gatzagak eta Errege-Bidea. Gatzagak izan ziren herria eratzeko arrazoi nagusia, 1331n. Egun, mende luzez gatza erauzteko erabilitako instalazioetan Gatz Museoa dago. Gatza ateratzeko prozesua eta jarduera horrek herriko ekonomian izan zuen garrantzia azaltzen dituzte bertan.
Bestalde, Errege-Bideak aldapa batean eraiki zuten hirigune historikoa zeharkatzen du. Antzina, igarobide garrantzitsua izan zen, Gaztela eta itsasoa lotzen baitzituen. Erregeak eta beste hainbat pertsonaia ezagun igaro ziren bertatik, eta horrek onura ugari ekarri zizkion herriari.
Hirigune monumentala
Bisitaria aho zabalik utziko du hirigune historiko ederrak. Harresiak inguratutako hiribilduak obalo itxura dauka. Hiru kale paralelok eta zeharkako beste batek osatzen dute. Hiribildura sartzeko zazpi ate zeuden antzina, gaur, ordea, bostek soilik diraute zutik. Behin barruan, oso atsegina da karriketan gora eta behera ibiltzea eta bertako etxe, jauregi eta monumentu dotoreak ikustea. Nabarmentzeko modukoak dira, besteak beste, As de Copas izenaz ezagutzen den 12 tutuko iturria, Garro, Soran eta Elexalde jauregiak, XVIII. mendeko udaletxea eta San Millan eliza. Garai batean Donejakue Bideko ostatu izan zen tenplu horretan txirrindularien zaindaria gurtzen dute.
Parekorik ez duen ingurune naturala
Herria inguratzen duten guneek are interesgarriago egiten dute Leintz Gatzaga. Ingurune natural bikain horretan, hainbat ibilaldi egin daitezke. Adibidez, Pagoeder, Iturritxueta eta Bengoerreka parkeetara doazen bideak oso ondo seinaleztatuta daude. Turismo-bulegoak Deba ibaiaren sorlekura bisitaldi gidatuak antolatzen ditu, besteak beste.
Amaitzeko, irailaren 8an ospatzen dituzte Leintz Gatzagan Dorletako Andre Maria zaindariaren omenezko jai nagusiak. Horrez gain, urtero, azaroaren 13an, San Millan egunez, artisautzako azoka egiten dute.