Helmuga turistikoak
Herriak
Toki lasaia eta atsegina da, atseginik bada. Hiri handietako zarata mundutarretik urrun. Halakoxea da Fruiz, Butroe ibaiak bustitako eta Uribe Butroe eskualdean dagoen udalerri bizkaitarra. Herrigunean bertan, Salbatore eliza gailentzen da beste eraikin guztien artetik.
Eraikuntza erromaniko ederra da, baina baditu gerora erantsitako zatiak. Dorrea, esate baterako, XVI. mendean eraiki zuten. Handik oso gertu, Jesus Gurutziltzatuaren baseliza dago, lau zutabek eusten duten ataria duen tenplua, alegia. Egun, oraindik, hilerriko hil-kapera gisa erabiltzen dute. Azken hori ez da Fruizen dagoen ermita bakarra. Merezi du Sallebante (San Lorentzoren irudia dauka barruan) eta San Migel baselizak ikustea. Arkitekturari dagokionez, eraikinok nahiko antzekoak dira.
Herriko ondare multzoaren parte dira halaber, Legarta eta Azkarre Botiola auzoko baserriak eta Fruizko burdinola; horiek guztiak, balio arkeologiko handiko eraikinak dira. Bestalde, abuztuaren 10ean ospatzen dituzte Fruizko festa nagusiak, Salbatore jaiak; herriak bere izaera lasaia alde batera utzi eta alderik alaiena erakusten du.
Gainera, egunotan nekazaritza azoka egiten dute inguruko baserritarren laguntzarekin. Bertoko produktuen erakusketa, salmenta eta dastaketa izaten da, eta Bizkaiko idi-zekorrak ikusteko aukera ere badago.