Helmuga turistikoak

Herriak

Elorrio

Durangaldearen barruan, Gipuzkoarekin eta Arabarekin muga eginez dugu Elorrio. Udalerri honek bisitatzeko txoko magiko ugari ditu, eta ondare historiko oso baliotsua. Haran berde bat du inguruan. Ez dugu ahaztu behar, halaber, Zumelegi ibaia, udalerriaren erditik igarotzen baita.

 

Monumentu Multzoa

 

Erdi Aroko ondare paregabea dauka udalerri honek, Bizkaiko ederrenetakoa. 1964an, Monumentu Multzo izendapena jaso zuen. Atsegina da zinez hiriguneko kaleetan barrena galtzea. XVII. eta XVIII. mendeetako jauregi eta oinetxe ederrak ikusiko ditugu, harrizkoak zein harlanduzkoak.

 

Alde zaharraren erdigunean, Gernikako Arbola plazan, Udaletxea eta Andre Maria Sortzez Garbiaren eliza daude. Handik oso gertu, Arezpakotxaga jauregiaren ondoan, Don Tello kaleko atea azpimarratzeko modukoa da. Antzinako harresiak zituen sei ateetatik zutik dirauen bakarra da hori.

 

Argiñetako nekropolia

 

Zelai berdez eta mendiz inguratutako haranean dago Elorrio, Oiz eta Intxorta mendien artean, eta Anboto zein Udalaitz tontorrak alboan dituela. Hirigunetik kanpo, paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera ederra izango du bisitariak. Hala, Argiñetako nekropolia (IX. mendea), hareharriz egindako hilobi multzo ikusgarria, nabarmenduko dugu. San Adrian baselizaren parean dago eta Euskal Herriko hilobi-monumentu garrantzitsuenetakoa da (23 hilobi topatu zituzten). Santa Katalina ermitaren inguruetan berriz, Berriozabaleta iturria ageri da baserrien artean ezkutatuta. Benetan bitxia da monumentu hori, jatorri inka duen iturri baten erreplika baita.

 

Bestalde, Elorrioko jai nagusiak, Ferixa Nausikoak, irailaren hasieran ospatzen dituzte. Gainera, urriko lehen igandean, Errebonbillo egunean, tradizio handiko alardea egiten dute herrian.

Datu interesgarriak

Hedadura
37.40 Km
Biztanle-kopurua
7,472

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana