Ajangiz

Ajangiz

Helmuga turistikoak

Herriak

Busturialdea eskualdearen barruan, Ajangiz Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dago, paisaia aniztasun eta aniztasun ekologiko handia izatea ezaugarri duen eremu natural paregabean.

Hegal menditsu batean dago, Gernika-Lumotik hurbil. Ajangizera iritsitakoan, atentzioa ematen du bertako ingurune naturalak, Atlantikoko basoez eta kostako artadiz estaliak. Bestalde, udalerriak kultur ondare aberatsa du, eta merezi du berau ezagutzea.

Herriko plazan ekingo diogu ibilaldiari, bi eraikin ikusgarri baitaude bertan: Juan Bautista de Belaunzaranek XIX. mendean egindako Jaunaren Igokundearen eliza eta udaletxe neoklasikoa.

Bista ikusgarria dago herriko enparantzatik, Oka ibaiaren ibar ederra ikus baitaiteke. Meandro ugari sortzen ditu ibai horrek ezin hobeto mantentzen diren padurak gordetzen dituen bokalean. Hegazti migratzaile askok leku horretan hartzen dute atseden.

Belaunzaranek egin zuen egun kultur etxea hartzen duen garai bateko abadetxea ere. Kanpantxu auzoan dagoen Lemandaroko San Juan baseliza ere gune garrantzitsua da.

Auzo horretan, gainera, aipatzea merezi duten beste bi monumentu daude: Mentzeta leinuarena izan zen Ajangizeko dorretxea eta Aristieta jauregia. Lehenengoa herrian zutik dirauen dorretxe bakarra da. Harlanduzko fatxada eta dinteldutako baoak ditu. Aristieta jauregia, berriz, XVII. mendeko eraikin barrokoa da. Egun, nekazalturismo bat eta nekazaritza ekologikoaren inguruko zentro bat daude bertan.

Baserriak ere ugari dira Ajangizen. Sartzola nabarmentzen da guztien artean, eskualdean geratzen den garai bakanetako baten zutabeak baitaude bertan.

Jai-egitarauari dagokionez, Ajangizeko jai nagusia Jaunaren Igokundearen eguna da, Ostegun Santutik berrogei egun igaro osteko lehen ostegunean. Gainera, maiatzaren 15ean San Isidro eguna ospatzen dute ajangiztarrek eta, amaitzeko, ekainaren 24an, San Juan Bataiatzailearen egunean, jai-giroa nagusitzen da Lemandaroko San Juan baselizan.

Datu interesgarriak

Hedadura
7.30 Km
Biztanle-kopurua
466

Ekitaldiak

Euskadi, auzolana