Non jan
Erretegiak Euskadin
Patxiku-Enearen helburua inoiz ahaztuko ez duzun esperientzia eskaintzea da; eta, egiari zor, jatetxeak horretarako osagai guztiak ditu. 200 urteko historia baino gehiago duen baserri batean dago, Jaizkibel mendiaren magalean, eta euskal berde trinko bereizgarriaz inguratuta. Erretegiak ingurune magikoa du eta espazio abegitsu, eroso eta polita. Horrez gainera, kartan, guztiaren gainetik, kalitate handiko eta bertako produktuak nagusitzen dira, eta maitasunez eta errespetuz tratatzen dituzte; ondorioz, zapore garbi eta ahaztezineko platerak sortzen dituzte. Kartan, bezeroak lehenengo plater erakargarriak aurki ditzake, hala nola olagarroa parrilan edo itsaski eta arrain zopa. Zalantzarik gabe, ordea, Patxiku-Eneako arrain eta okelek dute protagonismo osoa. Besteak beste, honako parrilada hauek eskaintzen dira: bisigua, Ondarroako zapoa, mihi arraina, legatza, legatz kokotea, erreboilo basatia, Patxikuena txuleta (V. Parrila Txapelketa Nazionalaren irabazlea) eta esneko arkumearen besoa. Azkenean, jaki gozo paregabeak.