Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Gure hiriak
  1. Nora joan
  2.  
  3. Gure hiriak

Gure hiriak

Bilbo, abangoardiako metropolia, Donostia, ederra eta dotorea, edo Vitoria-Gasteiz, gure “hiriburu berdea".

Onena da ez duzula zertan aukeratu; hirurak bisita ditzakezu, oso gertu daude!

Gure hiriak

4 egun Donostian

1. eguna

Fotografía Donostia Día 1

Goiza

Donostiara lehendabizikoz bazatoz, egonaldi bizia hasteko, Donostiako Turismo Bulegoak antolaturiko Donostia funtsezkoa oinezko bisita gidatua proposatzen dizugu. Horrela, bi ordutan hiria oinez zeharkatuta, hiriko sekretu eta kontu bitxienak ezagutuko dituzu.

Bizikletaz ibiltzea atsegin baduzu, Donostia Bizikletaz zeharkatzea gomendatzen dizugu. Lagun izango duzu gainera, hiriko txoko ezagunenak erakutsiko dizkizun gidaria.

Pintxo-taberna onenak eta txikiteoa zer den ezagutu nahi badituzu, ezin galduzko tentazioa duzu Donostiako zaporeak. Ikusi beharreko hiriko txokoetatik igaroko zara eta Donostiako Alde Zaharreko hiru tabernetan pintxo eta edari bana dastatu ahalko duzu, Donostiako aberastasun gastronomikoaren berri izan dezazun hautatu direnak. Bi orduko ibilaldia nork bere kasa egiteko aukera ere badago.

Hiria ezagutzeko lehen urrats horien ondoren, Alde Zaharra zeharkatu eta Donostiako Kaira iritsiko zara, eta handik, Urgull mendia inguratzen duen Pasealeku Berrira. Hain zuzen ere, Urgull da hiria magalean hartzen duten hiru mendietako bat. Ibilaldian aurrera egin, Jesusen Bihotza begira duzula, eta Jorge Oteitzaren Eraikuntza Hutsa eskultura bikaina agertuko zaizu begien parean, Kantauri itsaso amaigabe eta moldakaitza lagun duela.

Haurrekin bazatoz, kaian kokaturiko Aquariuma eta/edo Euskal Itsas Museoa bisitatzea ez zaizu damutuko. Goizez edo arratsaldez bisitatu ditzakezu.

Bazkaria

Indarberritzeko, Alde Zaharrera itzuli eta mahaian jarrita edo pintxoz pintxo egin ahalko duzu bazkari legea.

Arratsaldea

Bazkari lege oparoa egin ondoren, Kantauriko perlan zure bizitzako paseoa ematea proposatzen dizugu Kontxako pasealekuan hasten den ibilaldia egiteko, itsas pasealekutik edota hondartzatik bertatik joatea hautatu dezakezu. Nahiago baduzu, autobusa har zenezake Antigua auzora heltzeko. Ondarreta hondartzaren atzealdean eta Haizearen Orrazitik gertu, Igeldo mendira doan funikular zaharraren geltokia dago. Goialdean gozatu ahalko duzu hain ezaguna den hiriko panoramikaz. Mendi tontorreko hotelean zer edo zer jan edota edan ahalko duzu ikuskizun eder hori miresten duzun bitartean.

Igeldo mendira haurrekin joatea ez da arazoa izango, funikularrean igotzea eta bistak halaber miretsiko baitituzte. Gainera, mendi gaineko «retro» kutsuko jolas-parke txikian jolasean ibiliko dira.

Esperientzia luzatzea proposatzen dizugu, estresa alde batera uztea, alegia, ospe handiko La Perla Talaso Sport Zentroan atseden hartuta. Barnealdetik Kontxa badiarako beste ikuspegi batez gozatzeko aukera izango duzu gorputza zaintzen duzun eta dizuten bitartean.

Badira talasoterapia zentro bikain gehiago Donostian, Maria Cristina hotelean kokaturiko Hydra Maria Cristina, kasu.

Erosketak egin nahi izanez gero, Alde Zaharrean, Boulevard zumardian eta Erdialdean orotariko eskaintzak aurkituko dituzu.

Donostiako eta inguruetako asteburuko kultura eta festa eskaintzaren berri izan nahi baduzu, kontsulta ezazu Donostia Turismoaren agenda.

Afaria

Afaritarako, egun bizi honi amaiera paregabea emango ahalko diozu autore-sukaldaritzako maisuetako batengana joanda edota Alde Zaharrera itzulita menu tradizionalen bat dastatzeko.

Afari legea egiteko, bada beste aukera bat, Txotx esperientzia, alegia. Sagardotegira joango zara eta menu tradizionala dastatuko duzu (bakailao tortilla, bakailaoa piperrekin, txuletoia, gazta eta intxaurrak) kupeletik bertatik sagardoa hartu eta Euskal Herriko sagardogintzari buruz gehiago jakin dezazun.

Ondoren, Donostiako gau giroa ezagutzera irten zaitezke, bertako pub edo diskoteketako batera edo gehiagotara hurbilduta.

2. eguna

Fotografía Donostia Día 2

Goiza

Egun honi ekiteko, joan zaitez Donostiako Turismo Bulegora eta eska ezazu Beste begirada bat izena duen liburuxka, hiriko hainbat txokoren berri emango dizuna, Eduardo Txillidarenez gain, eragin handiko Euskal Herriko beste artista batzuen lanak ezagut ditzazun.

Haurrekin bazatoz, Miramonera joatea aukera ona da, bertan baitago Eureka! Zientzia Museoa, haurrentzako jarduera interaktibo eskaintza ugaria duena. Aukera dibertigarria gerta daiteke halaber, Txuri-urdin izotz jauregira joatea.

Artezaleek ezinbestean bisitatu behar dute San Telmo museo berritua. XVI. Mendeko domingotarren komentu batean kokatua, 26.000 pieza baino gehiago biltzen ditu bertako arkeologiari, arte ederrei, etnografiari, argazkigintzari eta historiari buruzko bilduma iraunkorrak.

Donostiako hondartzak, hiriko bista ederrak eskaintzen dituztenak, surfean egiteko inguru paregabeak dira. Bai hasiberriek, bai surflari peto-petoek olatu mota desberdinak izango dituzte aukeran. Gainera, surfean egiten hasteko ikastaroak eskaintzen dituzte surf-eskoletan.

Goiza betetzeko eskaini dizkizugun aukerak ez bazaizkizu erakargarriak egiten, paseo txiki bat egin eta hiria beste modu batera ezagutzea proposatzen dizugu, horretarako, garraiobide berezi hauetakoren batean zoazela: Donosti Tour autobus turistikoa, Txu-Txu trena, Ciudad de San Sebastián katamarana edo Santa Klara uhartera doazen motorak.

Bazkaria

Gastronomia zalea bazara eta Euskal Herriko sukaldaritzari buruz gehiago jakin nahi baduzu, aukera izango duzu esperientzia honekin: Gastronomia tailerra Donostiako Ni Neu - Kursaal jatetxean.

Zure zentzumenak gogobeteko dituen edozer ostatu aukeratzea aholkatzen dizugu; izan ere, gastronomiaren hiriburuan zaude.

Arratsaldea

Arratsaldean, Donostiako alde erromantikoena ezagutzea proposatzen dizugu. Urumearen bokaletik hasiko zara, Kursaal jauregitik, alegia, eta Boulevarda, udaletxea eta Alderdi Eder lorategiak, Gipuzkoa plaza, Askatasunaren hiribidea eta Artzain Onaren katedralaren plaza zeharkatuko dituzu.

Alderdi Eder aisia-eremu atsegina da haurrak patxadaz jolas daitezen.

Erdialdera jo baino lehen, Urgull mendira igo zaitezke, hiriko leku erromantiko eta atseginenetakoa den Ingelesen hilerria bisitatzeko.

Kulturazalea bazara, aldiz, Urgull mendian, Historiaren Etxea bisita dezakezu, hala nola Mota Gazteluaren hondakinak, hiriaren iragana sakonago ezagutu ahal izateko.

Uztailean edo abuztuan bazatoz, Euskal Herriko kirol unibertsalena ezagutzeko aukera izango duzu Jai Alai esperientziaren bidez. Munduko pilotari onenetako batzuk ikusiko dituzu, ondo pasako duzu eta partida amaitu ondoren, pilota-lekuan bertan, pintxoak jateko aukera izango duzu.

Ekialdera ere joan zintezke, interes kultural eta historiko handiko itsas giroko herri eder zenbait ezagutzera. Esaterako, Hondarribia itsas bazterrean kokaturiko herri idilikoa da, alde zahar harresiz bildua eta Txingudi badiaren alde bat zeharkatzen duen itsas pasealekua dituena, parean Hendaia lapurtarra ageri dela. Pasai Donibane ere bisitatzeko modukoa da. Alde zahar ederra du eta Pasaiako portua eta badia ezagutzeko bisita gidatuak txalupaz eskaintzen ditu.

Belle epoque hartan, Donostia hiri kosmopolita bihurtu zen, orduko pertsonaia europar ospetsuenek sarri bisitatzen zuten kasinoa zuena. Egun, Alde Zaharrean bertan kokatua, Kursaal Kasinoak aisia-eskaintza erakargarria du, jatetxea eta ohiko kasino-jokoetan aritzeko aukera ematen duen joko-aretoa barne.

Afaria

Kontxa pasealekuan azken urratsak eman ostean, Alde Zaharrera joan eta menu tradizionalen bat dastatzea, asteburuari amaiera bikaina emateko bide bat izan liteke.

3. eguna

Fotografía Donostia Día 3

Goiza

Hirugarren egun honetan, mendebalderantz joatea proposatzen dizugu, Getaria herri ederrera, alegia. Bidean zoazela, Zarautzen geldialdi bat egin dezakezu, bertako alde zaharra, itsasertzeko pasealekua eta /edo txakolindegiren bat bisitatzeko. Bidean aurrera egin ezazu Getariara iristeko itsasertzeko N-634 errepidea hartuta, Gipuzkoako kostaren ederraz gozatzen duzun bitartean. Pertsonaia ezagunen sorleku den marinel-herrira iritsitakoan, San Salbador eliza bisitatzea gomendatzen dizugu, hala nola bertako arrantza portua nahiz Juan Sebastian Elkano marinel ospetsuaren ohoretan eginiko eskulturak.

Getarian zaudela, nahitaez bisitatu behar duzu Cristobal Balenciaga Museoa, herrian jaiotako goi mailako joskintzako diseinatzaile entzutetsuaren sorlanen bilduma handiena erakusgai dagoena.

Naturazalea bazara, bisitatu ezazu Euskal Kostaldeko Geoparkea eta egin ezazu Flyscharen ibilbidea, milioika urtetan zizelkaturiko harrizko paisaia horretaz gozatzeko.

Bazkaria

Getariako edo inguruetako beste herriren bateko erretegi batean bazkaldu dezakezu, arraina parrillan errea, txakolinaz lagunduta, esaterako.

Arratsaldea

Bazkalostean, Gipuzkoa berderantz abia zaitezke, Azpeitirantz, alegia. Bertan dago Loiolako San Ignazioren Santutegia. Monumentu-multzo hori da Euskadiko turismo erlijiosoaren elementu nagusietakoa eta Ignaziotar lurraldea - 3 tenpluen ibilbidearen geltokietako bat. Ignazio jaio zen eta egun Etxe Santua esaten dioten Loiolatarren dorretxearen inguruan eraikitako etxe multzoak osatzen du santutegia.

Haurrekin bazatoz, Azpeitiko Trenbidearen museora joan zintezke eta Urolako lurrunezko trena hartu Azpeitia eta Lasao arteko 5 kilometroak egiteko, garai batean Zumarraga eta Zumaia arteko trenak egiten zuen bide beretik.

Aldiz, atseden eta lasaitasun bila bazatoz, bisita ezazu Getariatik hogei minutura autoz dagoen herrian kokatutako Zestoako bainuetxea.

Afaria

Inguruetan afaldu eta eman dezakezu gaua, gastronomia eskaintza ugaria baita. Bestela, Donostiara itzul zaitezke, Alde Zaharreko edota hiriko beste edozein jatetxeren batean afalduta, egonaldiaren amaierak zapore gozoa izan dezan.

4. eguna

Fotografía Donostia Día 4

Goiza

Goizean, Tolosa bisitatzea proposatzen dizugu, ezaguna dena gastronomia bikainagatik eta bertako babarrunengatik. Gainera, Tolosa monumentu ondare handikoa da, San Frantzisko eliza, Zerkausia, Santa Klara komentua eta Andre Mari parrokia, kasu.

Naturazalea bazara, xendazale edota bizikletazalea, Donostia eta Tolosa artean, Andoain duzu, Leitzarango biotopo babestura sartzeko atea.

Tolosan duzu Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (TOPIC), haurrei zein helduei txotxongiloak eta txotxongilogintza ezagutzeko aukera eskaintzen diena.

Gaur larunbata bada, zorioneko zu; izan ere, Tolosako azoka ezaguna egiten den eguna da eta hirigunea eraldatuta ikusiko duzu. Mendeak dira azoka egiten dela, inguruetako eta Euskal Herriko gastronomiako produkturik adierazgarriak salerosteko.

Tolosa utzi baino lehen, bisita itzazu gozotegiak eta ezagutuko dituzu Tolosako gozoki tipikoenak: xaxuak, teilak eta zigarretak.

Bazkaria

Tolosako babarrun bikainak edota txuletoi eder bat jan dezakezu herriko jatetxeetako batean. Ordiziara edo Beasainera joan zaitezke halaber, bietan, eskaintza gastronomikoa ugaria baita.

Arratsaldea

Beasainen zaudela, zoaz Igartza monumentu multzora eta, aldiz, Ordizian bazaude, alde zaharrera, gastronomia, nutrizio eta elikadurari eta, oro har, Goierri eskualdeari buruzko D'elikatuz zentroa bisitatzeko.

Ondoren, Zumarragara hurbil zaitezke Euskal Herriko ermiten katedrala esaten dioten Antiguako Amaren ermita bisitatu eta barnealdeko haritz-egurrezko kasetoidura bikain eta berezia ikusita harritzeko.

Oñatira zoazela, garaiz bazabiltza, gera zaitez Legazpin, bertako Burdin haraneko Euskal Burdinaren museoa, Txillida Lantokia nahiz burdinola, errota, eta abarretako bizimoldea ezagut ditzazun.

Oñati da, zalantzarik gabe, Euskal Herriko monumentu herri nagusietakoa, ondare artistiko aberatsekoa da eta eliza, komentu, erretaula eta arkitektura zibil nahiz erlijiosoari dagokionez. Hala ere, Oñatiko harribitxi preziatuena Sancti Spiritus unbertsitatea da, Euskal Herriko Errenazimentuko artearen maisulana dena.

Xendazaletasunaz gozatzeko aukera ugariko inguruak dituzu. Hala, beste batean itzultzea gomendatzen dizugu, Aizkorri-Aratz parke naturalean kokaturiko Arantzazuko Santutegia nahiz Arrikrutz leizeak, lurrazpiko esperientzia barne, bisita ditzazun.

Afaria

Aukera duzu Oñatin geratzekoa, baina baita Donostiarako bidean edozer herritan geratu eta bertan afaltzekoa ere.

Euskadi, auzolana