Euskadi Basque Country
 
Euskadiko Turismo Ataria
euskadi.eus

NABARMENDUAK

 

Gure hiriak
  1. Nora joan
  2.  
  3. Gure hiriak

Gure hiriak

Bilbo, abangoardiako metropolia, Donostia, ederra eta dotorea, edo Vitoria-Gasteiz, gure “hiriburu berdea".

Onena da ez duzula zertan aukeratu; hirurak bisita ditzakezu, oso gertu daude!

Gure hiriak

4 egun Gasteizen

1. eguna

Fotografía Vitoria Día 1

Goiza

Gasteizko egonaldia hasteko, hiriko Turismo bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatuetako bat gomendatzen dizugu, Erdi Aroko «almendrari» eta bertako lau dorreei buruzko elezaharrak eta horien denen historia ezagut ditzazun. Badira bisita gidatu gehiago ere aukeran, San Migel eta San Pelaio elizak, San Bizente dorrea, Villa Suso jauregia eta Farolen museoa ezagutzeko bidea ematen dutenak, kasu.

Zer edo zer originalagoa bilatzen baduzu, bisita ezazu BIBAT espazioa, bi museo bat egiten dituena. Batetik, Arkeologia museoa duzu, hainbat aro historikoetako mila eta bostehun pieza biltzen dituena, eta bestetik, Fournier Karta Museoa, karten bilakaera historiko bitxia ezagutzeko parada ematen dizuna.

Horiez gain, Gasteizko Erdi Aroko almendra ezagutzeko beste modu bat duzu "Hiri margotua" horma-irudien ibilbidea egitea. Lurraren arrasean dagoen arte-galeria da, fatxada ikusgarri bakoitzean kontakizunen bat gordetzen duena.

Hauta ezazu Gasteizko turismo bulegoak haurrentzat eskaintzen dituen bisita gidatuetako bat; esaterako, hiria bisitatzea trizikloan. Tren turistikoak, halaber, udan haurrentzako eskaintzak izaten ditu.

Artezalea bazara, jarrai ezazu Nafarroako errege Antso VI.ak 1181ean sortutako hiri honen Erdi Aroko iragana ezagutzen. Ibili zaitez bertako kaleetan, jauregi gotikoak eta errenazimentukoak miresten, besteak beste, Kordoi etxea, Otxanda andrearen dorrea, Andatarren dorrea, Portaloia, Bendaña jauregia, Montehermoso jauregia edota hiriko errenazimentuko adibide bikainena den Eskoriatza-Eskibel jauregia.

Nahitaez bisitatu behar duzu, gidaria lagun, Gasteizko harresia, XI. Mendea baino lehenago eraiki zena eta Erdi Aroko almendrako lehendabiziko gotortze-lanetakoa dena.

Bazkaria

Jan itzazu pintxo batzuk edota eser zaitez eguneko menu bat jateko Erdi Aroko Almendrako jatetxeetako batean.

Arratsaldea

Hauta ezazu Santa Maria katedrala, tenplu gotiko bat ezagutzeko berdingabeko era esperientzia. Ziur aski katedral askotan egona zaude, baina ez duzu hau bezalakorik ezagutuko, bertako bisita gidatu sistemak ikuspuntu erabat desberdin bat eskainiko baitizu, triforiora, erronda pasabidera edota eraikinaren zorupera bertara sartzeko aukera, adibidez.

Paseoan zeharka ezazu Gasteizko hiri-zabalgune neoklasikoa eta ikus itzazu bertako monumentu esanguratsuenak, Espainia plaza edo Arkupeak, kasu, biak ere Olagibel arkitekto gasteiztarrak eginak. Arkupeak nabarmendu behar ditugu, egin zen garaian lana oso berritzailea zelako. Mendixka batean kokatutako Erdi Aroko Almendra eta zabalguneko lur lauak lotzen ditu. Obra horren atzeko aldean da Aihotz plaza. Han hiriko ordezkariek karguen zina egiteko erabiltzen zuten aihotzaren kopia bat gordetzen zen.

Bisita ezazu Andra Mari Zuriaren plaza, hiriko gune nagusia; gasteiztarrak harro daude lekua horretaz. Igo zaitez San Migel elizaren balkoi jarraitura eta miretsi ezazu hiriko bista ezagunena. Plazaren erdian Gasteizko Guduaren monumentua dago. 1813an, Wellingtongo dukea eta Alava jenerala buru zirela, soldadu portugaldar, britainiar eta espainolek Napoleonen armadak garaitu izana oroitzen du. Jolastu zaitez monumentuan ageri diren pertsonaia historikoak ezagutzera.

Arratsaldea biribiltzeko, egin itzazu erosketak hiri-erdiguneko Eduardo Dato, Alava jenerala edo San Prudentzio kale komertzialetan. Izan ere, zabalgune osoak aire libreko merkataritza-gune handiaren itxura hartzen du.

Oraindik ere hiria hobeto ezagutzeko gogoz bazaude, har ezazu tren turistikoa hiriko gune nagusienak ezagutzeko aukera ematen baitu udan.

Udan egiten dira halaber Gasteizko gau-bisita antzeztuak, hiriko turismo bulegoak antolatuta (gazteleraz bakarrik). Hala, Erdi Aroko Almendra, antzezpenari esker, era dibertigarrian ezagutuko duzu eta ez zaizu sekula ahaztuko. Udan baino ez da egiten eta aldez aurretik erreserbatu behar da.

Afaria

Afaritarako, gustu guztietarako eskaintza dago hiriaren erdialdean. Pintxo-tabernak, erretegiak, sagardotegiak, egile-sukaldaritza... Gogokoena aukeratzea besterik ez duzu. Udan, gau-bisita antzeztura bazoaz, gogoan hartu gerorako mahaia erreserbatzea.

Gauean, hiriko erdigunean zer edo zer edan dezakezu, gau-giro bizia izaten baita. Erdi Aroko Almendran eta zabalgune neoklasikoan dauzkazu gau-giro handieneko ostalaritza-establezimenduak.

2. eguna

Fotografía Vitoria Día 2

Goiza

Eguna hasteko, bisita ezazu Arte Garaikideko Euskal Museoa (ARTIUM); esaten denez, Euskadi nahiz Espainiako bilduma iraunkor onenetakoa baitu, bere mailakoen artean. Gainera, museak aldi baterako erakusketak eta txikienek goza ditzaketen jarduerak eskaintzen ditu.

Hileko lehendabiziko larunbatean Almendrako azoka egiten dute hiriko alde zaharrean, eta gremio-kaleetako saltzaileek beren produktuak saltzen dituzte. Dena dela, iraileko azken asteburuan, Espainiako Erdi Aroko azoka handiena egiten dute alde zaharrean, iragana gogorarazteko jantzi dotorez jantzita.

Joan zaitez Foru plazaraino, Peña Gantxegi eta Txillidaren artean eginiko benetako aire libreko eskultura den horretaz gozatzeko. Plaza horretan, kontzertuak eta kultur-ekitaldi asko egiten dituzte eta aire libreko pilota-lekua ere bada (pilota partidak jokatzen ari diren koadrilak ikusiko dituzu, ziur), euskal foruen omenezko Txillidaren beraren eskulturaz gain.

Bisita ezazu Andre Maria Sortzez Garbiaren katedral neogotiko kolosala, gasteiztarrek Katedral Berria esaten diotena, alegia. Bestalde, tenpluan bertan duzu Elizabarrutiko Arte Sakratuaren Museoa, Arabako erlijio-ondarearen pieza azpimarragarriak, izen handiko egileenak tartean, erakusgai dituena.

Txikienak aski gustura ibiliko dira Otxanda Andrearen Dorrean egoitza duen Natur Zientzien Museoa. Lehendabiziko solairuan geologiari buruzkoak eta anbarrean harrapatuta geratutako intsektuak daude ikusgai. Bigarrengoa botanika eta biologiari buruzkoa da eta, bertan, animalia disekatuak daude.

Bazkaria

Zabalgune neoklasikoan jatetxe eta taberna eskaintza ugaria duzu, Euskal Herriko gastronomia onenaz goza dezazun: Pintxo-tabernak, erretegiak, sagardotegiak, egile-sukaldaritza, etab.

Arratsaldea

Paseo atsegina duzu Florida parkekoa, lorategi botaniko erromantikoa izateko egin baitzen, XIX. Mendeko Frantziako lorategien estiloan, alegia. 2012ko Europako Hiriburu Berdeko patxada eta aire freskoa lagun izango dituzu oinez edota udalak hiriko hainbat tokitan eskuragarri jarritako bizikletetako bat hartuta zoazela.

Gasteiz da berdegune gehien dituen Europako hirietako bat, eta horregatik, 2012ko Europako Hiriburu Berde izendatu dute. Ibili zaitez gune berdeotan, XIX. mendean Frantziako lorategien estiloan eginiko Florida parketik hasita, hiriko kutunena baita. Egizu oinez edota bizikletaz, horretarako, udalak hiriko puntu askotan eskuragarri jarritako bizikletetako bat hartuta.

Egizu bidean aurrera Senda pasealekutik, Zulueta jauregia atzean utzita eta Frai Frantzisko pasealekura eginez. Lehendabizi, egizu geldialdia Arma museoan, hainbat aro historikoetako armak eta Gasteizko guduaren maketak ikusteko. Bestela, museotik metro gutxira, Ajuria Enea jauregia duzu, lehendakariaren bizileku ofiziala, alegia. Azkenik, parean duzu Augusti jauregia, Arte Ederretako museoaren egoitza; XVIII eta XIX. Mendeetako Espainiako artelanen bilduma garrantzitsua eta 1850 eta 1950 arteko euskal artelan sorta aipagarria dituen eraikin ederra. Museo horien ordutegiak kontsulta itzazu Gasteizko turismo sailaren webgunean.

Prado parkera iristean, jo ezazu Cervantes pasealekutik Armentiara iristeko. Bertan duzu izen bereko ermita, Araba nahiz Euskadiko eraikin erromaniko garrantzitsuenetako bat, alegia. Bide horixe egiten du, hain juxtu, barnealdeko Donejakue bideak, aurrerago, Frantziatik datorren Donejakue bidearekin bat egiteko.

Naturazalea bazara, zoaz bizikletaz Gasteiz inguratzen duen eraztun berdean barrena Salburua parkera iritsi arte. Bertan duzu Ataria, Salburuako hezeguneen interpretazio zentroa, balio ekologiko handiko ekosistemaren kokagunea. Hegaztiak behatu ahalko dituzu bertan, horretarako ipinitako behatokietan, hala nola oreinak eta desagertzeko arriskuan dagoen bisoi europar kolonia bat. Bertan jabetuko zara Gasteiz 2012ko Europako Hiriburu Berde izendatu izanaren zergatiaz.

Haurrekin bazatoz, Salburua parkea eta Ataria Salburuako hezeguneen interpretazio zentroa bisitatu ditzakezu, bertara heltzeko, hiri-erdigunean 3. lineako autobusa hartuta. Interpretazio zentroaz gain, txikientzako hainbat jarduera dituzu bertan, inguruetan hegaztiak eta animalia-koloniak, baten bat, desagertzeko arriskuan, behatzeko tokiak daude. Ataria zentrotik hurbil dago hiriko saskibaloi taldearen, alegia, Baskoniaren pabilioia eta kirol-hiria. Azken horretako izotz pista asko gozatuko dute txikienek.

Arrats partean, zoaz atzera Santa Maria katedralera Argiaren ataria ikuskizunaz gozatzeko, aukera emango baitizu proiekzio digitaleko sistema berritzaile baten bidez denboran bidaiatzeko, XVI. Mendetik aurrera Paternina kaperako polikromiek izan duten bilakaera ezagutzen duzun bitartean.

Afaria

Hiriari begiratzeko beste modu batez jabetuko zara, hiriko pintxo-taberna onenak gomendatzen dizkizun dossierrari kasu eginez.

3. eguna

Fotografía Vitoria Día 3

Goiza

Gastronomiazalea bazara, zoaz Arabako Errioxara. Ardoari buruzko parke tematiko horretako paisaiak miretsi eta upategiak bisitatu itzazu eta ibili zaitez ia garai batean zeuden bezala aurkituko dituzu herri harresiz bildu ederretan barrena.

Nahi izanez gero, har ezazu Enobusa, Izarretako ezkontza: ardoa eta izarrak esperientzia, alegia, Gasteiz eta aipagai dugun eskualdea lotzen ditu-eta. Gidaria lagun duzula, zoaz upategi batera, ezagutu ezazu historiaz beteriko herri bat eta sar zaitez bestela ezingo zenukeen lekuetara. Autobus turistiko horren ordutegia kontsulta ezazu, ez baitabil urte osoan.

Zerorren autoan joan nahi baduzu, bi esperientzia dauzkazu eskura. Batetik, Upategiak eta tradizioa Arabako Errioxan esperientzia, biztanleak ardoaz eta ardoagatik bizi diren eskualdea, balio artistiko eta historiko handiko Erdi Aroko herri askokoa, ezagutzeko aukera emango dizuna. Bestetik, Arabako Errioxako alderik abangoardistena duzu, abangoardiako arkitekturaren eta modernotasunaren jitea bere egin duten upategiak daudena, Ysios upategia, Santiago Calatravak diseinatua, edo Marques de Riscalena, Frank O. Gehryk berberak diseinatua, kasu.

Bazkaria

Zoaz bertako upategi edo jatetxeren batera, indarberritzeko, ez baitago bertako gastronomiaz gozatzea bezalakorik. Plater tipikoetakoren bat hauta ezazu, patatak errioxar erara edota arkume-txuletak, adibidez. Proposamen abangoardista eta berritzaileagoak ere aukera ditzakezu, Euskal Herriko nahiz Errioxako tradizio gastronomikoari ukitu berezi bat ematen dioten sukaldarien eskutik. Aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen dizugu.

Arratsaldea

Bazkalostean, Guardiako kaleetan gora eta behera egin ezazu, Erdi Aroko hiribilduko kale-egiturak ia bere horretan dirau-eta. Turismo bulegoak antolatutako bisita gidatuetako bat egin ezazu, Erregeen Andre Maria elizaren atariarena bederen, benetako harribitxi gotikoa baita. Lurpeko upategietako batera ere joan zaitezke, Guardiak bi «hiri» baititu; alegia, ikusten dena eta ikusten ez dena, etxe guztiek baitute lurpeko upategia. Herri gehiagoko turismo bulegoek ere bisita gidatuak antolatzen dituzte, Bastida edo Labraza herrietakoek, kasu. Gogoan izan azken horrek jaso zuela munduko hiribildu zainduenaren saria Hiribilduen Nazioarteko Elkartearen eskutik.

Arabako Errioxako lurrinak eta paisaiak esperientzia egiteko Enobusa hartuta iritsi bazara, horixe duzu bidea Gasteizera itzultzeko. Autoz etorri bazara, aldiz, Kantabriako mendilerroa gainditu ezazu Bernedo edo Herrera mendiak atzean utzita, Arabako Errioxako eta Ebro ibarreko bista ederrez gozatu bitartean. Paisaia aldaketaz jabetuko zara berehala, ezaugarri mediterraneoen eta Kantabriako mendilerroaren iparraldeko mendi berde arabarren arteko kontrastea dela eta.

Afaria

Gasteizera itzultzean, zoaz jatetxeren batera benetako Euskal Herriko gastronomiaz gozatzearren.

4. eguna

Fotografía Vitoria Día 4

Goiza

Abia zaitez Aiara Harana eta Nerbioi Garaia aldera, Euskal Herriko bista ederrenetakoaz gozatzera. Hain zuzen, Nerbioiren ur-jauziaz ari gatzaizu, 200 metro baino gehiagoko gorabehera duen horretaz. Nerbioi ibaiaren sorburua zerutik esperientzia proposatzen dizugu horretarako, bestela, berdin gozatuko duzu bertako xendetan barrena joanda, naturaren ederrak harrapatuta.

Ornitologia interesatzen bazaizu, Salvada mendizerra aproposa da hegaztiei beha egoteko, Hegaztien Babes Bereziko Eremu izendatu zutenez. Bertako espezie aipagarrienak dira, besteak beste, sai arrea, sai zuria eta belatz handia.

Denbora estutasunik gabe bazabiltza, zoaz atseden hartzera Aisia Orduña bainuetxera (herriko alde zaharrean dago) ardoterapia saio batez gozatzeko.

Historia eta artea gustuko badituzu, ezin duzu Artziniegako alde zaharra, Arteko Andra Mari Zuriaren santutegia edota Kexaako monumentu-multzoa bisitatu gabe alde egin. Zoaz Aiaraldea eta Nerbioi Garaiko turismo-bulegoetara eskaintzen diren bisita gidatuak eta ordutegiak ezagutzera.

Aukera ona duzu, halaber, Arabako Txakolina jatorri deitura ezagutzeko. Horretarako, Txakolin zaporearekin esperientzia egitea duzu onena Txakolinaren ibilbidea osatzen duten upategietako bat bisitatzeko. Aldez aurretik deitu eta erreserba egitea komeni da.

Bazkaria

Zoaz Aiara Haraneko nahiz Nerbioi Garaiko edozein udalerriko jatetxeren batera tripa zorriak baretzeko.

Arratsaldea

Arratsaldean, Añana eskualdera eginez gero, Euskal Herriko altxor geografiko gordeenetako batera helduko zara, Espainian parekorik ez duen Gatz-haranera, alegia. Naturazalea bazara, miretsiko dituzu bertako ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak, diapiroak moldatuak, Itsaso Hilekoa baino gazitasun handiagoko iturriz beteriko haran honetan. Bisita gidatua egitea gomendatzen dizugu, gatz ekoizpenari emaniko inguru horiek historian zer garrantzi izan duten ezagutzeko. Bertatik bertara ikusiko duzu larrainen sistemaren bidezko gatz-bilketa tradizionala nola egiten den. Jakizu harana biziberritzeko proiektu integral sendo bat martxan dagoela. Ez ezazu martxa egin Añanako Gatza erosi gabe. Kalitate bikainekoa da eta bereziki nabarmentzekoak dira gatz lorea eta gatz txuzoak.

Eskualdean zaudela eta, artea interesatzen bazaizu, bisita itzazu Varona dorrea, XIV. mendeko gotorlekua, edo Tuestako eliza, Euskal Herriko erromanikoaren adibide onenetakoa.

Eskualdean zaudenez, natura eta ornitologia interesatzen bazaizkizu, zoaz Valderejoko parke naturalera, landaredia eta fauna aberatsekoa da eta. Parke natural horretako erakargarri nagusietakoa da Puron ibaiaren haitzartea.

Afaria

Eguna amaitzeko, Gasteizera itzuli eta indarberritu zaitez bertako jatetxeren batean, egun mugitu honen ostean ondo merezia baituzu atseden hartzea.

Euskadi, auzolana